Nola bateratu mendian egiten diren jarduera denak?

Oihana Kortazar iazko Zegama-Aizkorri lasterketan./
Oihana Kortazar iazko Zegama-Aizkorri lasterketan.

Puri-purian dagoen gaiari buruzko mahai ingurua antolatu du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak ostiralerako, 'Zergatik zu edo ni, eta ez, zu eta ni?' izenburupean

EL DIARIO VASCO

Foru Aldundiaren Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak 'Zergatik zu edo ni, eta ez, zu eta ni?' mahai ingurua antolatu du datorren maiatzaren 20an (ostiralez) arratsaldeko 6etan Zegamako kultur etxean. Egunean bertan, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren egitarauaren barruan, II. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala ospatzen da eta mendi lasterketen giroan murgildurik gaudela, hausnarketa-saio ireki honetan, mendian burutzen diren jarduera askotarikoen arteko osagarritasunari buruz hitz egingo da.

Partaideak Iker Karrera (korrikalaria), Jon Arruti (ENBA sindikatukoa), Joseba Garmendia (Aranzadi Zientzia Elkartekoa) eta Valentín Gabilondo (EHNE sindikatukoa) izango dira eta dinamizatzailea, berriz, Zegamako udaleko Edurne Albizu.

Izan ere, Gipuzkoako mendien erabilpena asko aldatu da azken hamarkadotan. Abeltzaintzak eta baso-ustiapenak irautea lortu dute, baina, egun, ekonomia arlokoa ez da mendiak gizarteari egiten dion ekarpena bakarra, aisia-leku moduan duen garrantzia, adibidez, gero eta handiagoa delako. Horri, besteak beste, abeltzaintza- eta baso-ustiapen gune asko babesturiko eremu bihurtzea erantsi behar zaio gainera.

Bistan da abeltzaintzak, esate baterako, mesede egiten diela zenbait habitat edo bizilekuen ongizate eta iraupenari, baina alde horretatik egiten duten ekarpena behar bezala aintzatesten al zaie abeltzainei? Ez al zaizkie traba gehiegi jartzen? Nola jokatu behar da aisia-lekuetan babesturiko espezieak daudenean? Non dago muga? Nola areagotu daiteke lehen sektorearen, kontserbazioaren eta aisiaren arteko osagarritasuna?

Galdera horiei eta entzuleek egindako beste batzuei erantzuna ematen saiatzea izango da mendiko maratoia baino bi egun lehenago Zegaman ospatuko den mahai-inguruaren helburua. Aukera polita, beraz, hainbeste estimatzen ditugun eremuen eta jardueren gaurko egoeraz eta etorkizunaz hausnartzeko eta iritzia emateko.

Foru Aldundiaren Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak aurten antolatzen duen bigarren mahai-ingurua izango da Zegamakoa. Aurrekoa Ordizian ospatu zen otsailaren 19an. Orduko hartan izenburua 'Abeltzaintza Aralarren: ekartzen duena eta eskatzen duena' izan zen eta herritar multzo polita bertaratu zen. Hain zuzen, saio hartan entzundako ekarpenek eta eskariek ekarri dute, neurri handi batean, bigarren saio hau, abeltzaintzaren, baso-ustiapenaren, babesturiko eremuen kontserbazioaren eta aisiaren arteko osagarritasunaz hitz egiteko eta hausnartzeko nahiak alegia.