UEMA, «tropelari tiraka» segitzeko prest

Kide, bidaide eta adiskide ugari bildu zituen UEMAk atzo Aizarnazabalen./
Kide, bidaide eta adiskide ugari bildu zituen UEMAk atzo Aizarnazabalen.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Aizarnazabalen egin zuen 25. urteurreneko ekitaldi instutuzioanala. Leitzan du hurrengo hitzordua, hilaren 28an

DVDONOSTIA

Erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkari ugarirekin partekatu zuen atzo UEMAk Aizarnazabalen 25. urteurrena betetzeko antolatutako ekitaldia. «Elkarte eta erakunde ugarik egin nahi izan dute bat UEMArekin, 25. urteurrena ospatu eta egindako lana eta bidea aitortzeko. Besteak beste, Nafarroako Gobernuak (Xabi Lasa Nafarroako Toki Administrazioaren zuzendari nagusia eta Mikel Arregi, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria), Eusko Jaurlaritzak (Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria), Gipuzkoako Foru Aldundiak (Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria), EUDELek (Mikel Pagola Urnietako alkate, Batzorde Eragileko kide eta euskara gaietarako arduraduna), Euskal Herriko Unibertsitateak (Iñigo Urrutia), Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak (Paul Bilbao, Iker Salaberria, Zigor Etxaburua), AEK-k (Mertxe Mugika koordinatzailea eta Asier Amondo Korrikako arduraduna) bidali dute ordezkaritza», zehaztu du UEMAk.

Haiekin batera, bertan izan ziren hedabideetako, alderdietako, sindikatuetako eta beste zenbait elkartetako kideak eta, noski, UEMAko kide diren udaletako alkate eta zinegotziak, zein 25 urteko ibilbidean lehendakari eta zuzendaritza batzordeko kide izandako hainbat lagun. UEMAren sorrerako garaiak ez ezik, 25 urtean egindako bidea eta UEMAren historia ekarri zuten gogora ekitaldian.

Hantxe berretsi zuen Josu Labaka lehendakariak UEMAren konpromisoa. «Euskaraz gara gu. Euskaldunak gara, eta euskaraz irudikatzen dugu biharko Euskal Herria. Inoren zain egon gabe, beraz, gaur aritzen gara, biharko nahiko genukeena egiten» esan zuen. UEMAk «bidea zabaltzen» eman dituen 25 urteetan «udalak euskaldundu ditugu, herritarrak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko proiektuak sortu ditugu, lehen aldiz hezkuntza proiektu integrala abian jarri dugu, eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna sortu dugu, eta EAEko udal legean lekua izatea lortu dugu, udaletako aktak euskaraz idatzi ahal izatea ahalbideratu dugu» esan zuen Labakak, eta aurreratu zuen aurrera begira ere prest daudela, «beharrezkoa denez, Euskal Herria euskaldunaren bidean tropelari tiraka» segitzeko.

Urteurrenaren inguruko ospakizunak ez dira, baina, atzokoarekin amaitu. Maiatzaren 28an Leitzan egingo den Udalerri Euskaldunen Egunean herritar askoz ere gehiagorekin partekatuko du urtebetze-festa UEMAk.