Ikertzaile gazteak, plaza bila

Ikertzaile gazteak, plaza bila

#txiotesia lehiaketaren bigarren edizioa asteartean jokatuko da, eta ikerlari gazteen lana jendarteratzeko beste ekimenik ere bada bidean

MIREN IMAZDONOSTIA

Bolo-bolo dabil azken egunotan sareko punta batetik bestera #txiotesia2 traola, datorren asteartean, azaroaren 18an, Twitter bidez egingo den lehiaketa girotuz eta ikerlari gazteak horretan parte hartzera gonbidatuz. UEUk kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak iaz estreinakoz antolatu zuen lehiaketa, hain zuzen, ez da deus ikerkuntzaren mundu konplikatuan aurreneko urratsak egiten ari diren ikerlari gazteen ekarpenik gabe; haiexek ditu halaber onuradun nagusi. Sariez harago, lehiaketaren xedea ezagutzaren alor desberdinetan ari diren ikerlari euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea eta baita lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea ere.

Ikertzaile euskaldunak biltzeko aukera paregabea eta ezkutuan geratzen den lan guzti hori kaleratzeko plaza ere izango den lehiaketan, doktoregaiei edo tesia 2011/2014 bitartean aurkeztu zuten doktoreei eskatzen zaie euren tesia Twitter bidezko sei txiotan aurkez dezaten. Iazko esperientzia bikainaren ostean -86 ikertzailek hartu zuten parte, eta sekulako lana egin zuten- aurtengoa ez da makalagoa espero. Sariak bi baino ez diren arren, 500 eta 300 eurokoak, azkenean parte-hartzaile denak izango dira garaile, sare sozialek emango dieten plaza zabalari esker milaka lagunekin partekatuko baitituzte normalean lagunartean geratzen diren proposamen eta ametsak.

TXIOZ ETA HITZEZ

#txiotesia2 UEU k kudeatzen duen Unibertsitatea.net atariak antolatuta, "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketa egingo da asteartean (azaroaren 18an) bigarren urtez. Egitasmo honen helburua ikerlari euskaldunek egiten duten lana gizarteratzea da eta baita lan horren atzean dauden pertsonei izen-abizenak jartzea ere. Iaz 86 ikertzailek parte hartu zuten doktoregaiei edo doktoreei (2011/2014 urte bitartean tesia aurkeztutakoei) zuzenduta dagoen lehiaketan.
DAKIGUNA ERAKUTSIKO DIZUGU Ekainean beste hiriburu batzuetan egin zen bezala, UEUk ikertzaile gazteen ikusgarritasuna areagotzeko abian jarritako programa Donostiara heldu da, bertako Euskara Zerbitzuarekin lankidetzan. Aurreneko saioa -'(Trans) feminismoa, abjekzioa, ezberdintasuna eta borroka ideologikoa', Ainhoa Güemesen eskutik- joan den ostegunean egin zen, baina bi hitzordu gelditzen dira azaroa amaitu aurretik. Hilaren 20an 'Ba al dago euskal umorerik?' hitzaldia eskainiko du Uxoa Anduaga soziologoan, hori baita bere tesiaren gaia. Azaroaren 27an, berriz, Manex Agirrezabal Informatikan Ingeniariak 'Bertso-sorkuntza automatikoa, posible da? gaia izango du hizpide. Hitzaldiak DOKA kafe antzokian (Erregezain kalea, 20, Donostia) emango dira eta 19:00etan hasiko dira. Sarrera irekia eta doanekoa da, aforoa bete arte. Hitzaldien ostean solasalditxoa egongo da, mokautxo batekin lagundua.

Mundu birtualetik at, plaza fisikoa dute azaroko ostegunetan Donostian zenbait ikertzaile gaztek euren lanaren berri emateko, UEUk hiriko Euskara Zerbitzuarekin batera antolatu duen 'Dakiguna erakutsiko dizugu' hitzaldi-sortaren bitartez. Bi hitzordu oso interesgarri geratzen dira oraindik, hilaren 20koa eta 27koa, DOKA kafe antzokian ikusteko zer daukaten ikertzaile gazteek guri erakusteko (ikus egitaraua ondoko ataltxoan).

«Gizarteari zor diogu»

UEUren marka daramaten bi proiektuok ez dira hutsetik abiatu, Udako Euskal Unibertsitateko kide askok nabarmentzen eta pairatzen duten 'ikusentizasun' arazoa arintzeko asmotik baizik. Zeren eta bere lanaren berri ematea ikerlari gehienentzat baldin bada nekeza, are zailagoa gertatzen zaie gazteak izateaz gain euskaraz (edo baita euskaraz ere) ikertzen dutenei.

Horietakoa da, #txiotesia2-ren aurkezpena geureratuz, egoera horretan dauden pertsonei izen-abizenak jartzea ahalbidetu digun Koldo Garcia Etxebarria. EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia saileko ikertzailea da Leioako campusean, UEUko kidea eta, bere hitzetan, ikertzaile gazte definizioan sartzen da. Ainhoa Latatu (doktorea mikrobiologian), Iñaki Larrea (doktorea hezkuntzan), Itziar Aretxaga (doktorea astrofisikan) eta Kike Amunarriz filologo, soziolinguista eta telebista aurkezlearekin batera, genetikan doktorea den Koldo Garcia Etxebarria #txiotesia2 lehiaketarako osatu duten epaimahaiko kide da.

Berak oso argi dauka ikerlarien lorpenak gizarteratzearen garrantzia, baina onartzen du batzuetan gutxietsi edo alboratu egiten dutela ikertzaileek beraiek dibulgazio lan gori, lehentasunak beste nonbait jarrita: Curriculuma betetzen duzunean, diru-laguntzak eskatzen dituzunean edo proiektuetan parte hartzerakoan kontuan hartzen den gauza bakarra nazioarteko mailan izan dituzun aportazioak dira, komunitate zientifikoaren alorrean egin dituzunak. Ikerlari karreran aurrera egin nahi duenaren lehentasun nagusia, beraz, hori da, eta ez da lan erraza, batez ere ikerlariak begiz jota dauzkan aldizkariak punta-puntakoak badira. Hala ere, Koldo Garcia Etxebarriaren arabera, oro har sistema nahiko inpartziala da, eta proposatzen duzuna aldizkari horrentzat interesgarria bada, modu batean edo bestean sartuko da.

Arriskua da -dio Koldo Garcia Etxeberriak- horretara bakarrik bideratzea zure lanaren azalpena, gure zirkuluetan gelditzea: kongresuetan, aldizkarietan, web gune espezializatuetan... Egia da askotan ez dugula bestelako ahaleginik egiten, ez digulako punturik ematen, baina azken finean gure soldata jendeak ordaintzen du bere zergetatik, eta iruditzen zait zor diogula jendeari gure lana ezagutzera ematea.

Edonola ere, ikerlarientzat oso mesedegarria izan daitekeen buelta ere badu jarrera eskuzabal horrek: Jendeak ulertzen badu zer egiten dugun, ulertuko du zergatik den garrantzitsua egiten duguna, eta une batean gizartean zientziaren eta. oro har, ikerkuntzaren garrantziaz jabetzea garrantzitsua izan daiteke presioa egiteko, murrizketei aurre egiteko, dirua horretara bidera dadin ezkatzeko.... Gauden egoeran, oso inportantea da hori.

Gauden egoera, jakina, krisi egoera da, eta egoera horretan egin du Koldo Garcia Etxeberriak orain arteko ibilbide dena. Krisi hitza erabiltzen hasten zenean justu hasi ginen, ikusten genuen gainean geneukala. Etorri zitzaien gainera, eta orduz geroztik ez dute besterik ezagutu baina, estutasunak estutasun, aitortzen du aurreneko pausoetan oraintxe dabiltzan horientzat, tesia egiten edo aurkeztu berritan daudenentzat, gero eta gogorragoak direla gauzak. Eta uste du luze gabe igarriko direla zailtasun horien guztien ondorioak.

Adituak hasi dira honezkero euskarazko produkzio zientzifikoaren moteltzeaz ohartarazten. Inpresio horrekin bat dator Koldo Garcia Etxebarria. Iruditzen zait ez dela bakarrik euskarazko produkzioaren kontua, Estatu osoan ematen ari den zerbait baizik. Egoten zara tesia egiten dabiltzanekin edota tesia egiteko laguntzak eskatu dituztenekin eta ikusten duzu gero eta jende gutxiagok duela zientzia egiten jarraitzeko perspektiba, ez baitu ikusten ahal izango duenik. Lehen zaila zen, lan asko egin behar zenuen, baina gaur egun egoera okerragoa da. Ikusita nola dauden gauzak, meritu handiagoa dauka gaur tesi bat egitera sartzen denak. Izan ere, diru-laguntzarik gabe tesi bat egitea agian ezinezkoa ez da izango, baina bai oso-oso zaila. Eta gaur egun ikerkuntzaren munduan aurreneko urrats horiek egiteko diru-laguntzak lortzea ez da erraza, lehen pauso horiek ikertzen jarraitzeko izango dituzten zailtasunen ataria izango balira bezala.

«Asko lagunzen du»

ZIENTZIA SAREAN

INGUMA Euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. 2001. urtean abian jarri zuen UEUk eta bertan, azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da; euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra, alegia. Inguma, euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu zen, bai eta komunitate euskaldun zientifikoa kohesionatzeko ere. Une honetan 8.839 egile, 2.145 liburu eta 13.630 artikuluren erreferentzia aurkitu dezakegu bertan. www.inguma.org
BASQUE RESEARCH Elhuyar Fundazioaren ardurapeko webgune hau 2002an sortu zen. Euskal Herriko ikerketa, garapena eta berrikuntzaren inguruko albisteak biltzen ditu, gero mundura zabaltzeko, beste eduki batzuekin batera (agenda, elkarrizketak, I+G+B direktorioa...). www.basqueresearch.com
ZIENTZIA.NET 2001. urtean sortu zen zientzia eta teknologia euskaraz modu atsegin eta ulerterrazean gizarteratzeko, betiere zorroztasunari uko egin gabe. erreferente bihurtu da askorentzat. Zientzian zaletuek, eskoletako eta unibertsitateetako ikasle eta irakasleek, ikertzaileek, kazetariek... arlo guztietako jendeak erabiltzen du webgunea. Hain justu, horixe da zientzia.net-en helburua, ahalik eta publiko zabalenera iristea. 30.000 bisita eta 100.000 ikusitako orrialde ditu hilean. http://zientzia.net

Egoera konplikatu horretan dauden askorentzat lan-karga erantsia izan daiteke jendartera hurbiltzen saiatzea, ikerlariaren hizkuntza izaki arrunton hizkerara moldatzea. Zaila ere bai hainbatetan. Bai, gaiaren arabera zaila izan daiteke. Gai batzuk beste batzuk baino salgarriagoak dira marketinaren ikuspegitik; beste batzuek abstrakzio maila altuagoa dute, eta egokitzapen handia behar dute, baina ariketa horrek ahalbidetzen dizu zure lana hobeto ezagutzea. Ahalik eta ondoen ezagutu behar duzu ahalik eta modu erakargarrienean azaltzeko, eta prozesu horretan asko ikasten duzu zure lanari buruz.

Besteenganako urrats hori egiteak, itzalpetik plazako argitara irteteak, egoera berean dauden beste batzuekin harremanetan jartzea ere ahalbidetzen du, eta ez da hori honelako ekimenen abantaila txikiena Koldo Garcia Etxebarriaren ustez. Iazko #txiotesia-ren esperientzia gogoan, zera dio: Ez dut esango talde terapia denik, baina ikusteak zu bezalako beste jende bat badagoela asko laguntzen du. Zure inguruan dagoen jendeak, tesia egin ez duenak eta horretan murgildu ez denak, askotan ez zaitu ulertzen. Ez du ulertzen zein den zure egoera, zergatik ez zaren irteten, zergatik zauden buru-belarri zure lanari emanda. Aldiz, tesia egiten ari diren beste batzuekin biltzeak eta hitz egiteak animatu egiten zaitu, oso positiboa da motibazioaren aldetik. Eta, beste pizgarri edo ziurtasun batzuen faltan, motibazioa erabakigarria izan daiteke ikerlari gazteentzat.

Honelako ekimenek ematen duten ikusgarritasuna ere oso inportantea iruditzen zaio ikerlari bizkaitarrari, besterik ez bada, 'begira aita, begira ama, egunkarian ateratzen naiz' esateko; erakusteko ez garela bitxo arraroak, gauza normalak egiten ditugula, batzuetan ulertzen errazak ez badira ere. Ikertzaileen lanak nabarmendu nahi dituzten ekimenen onurak, halere, ez dira orain arte aipatutakoetara mugatzen. Bada beste bat agian garrantzitsuagoa, eragin iraunkorragoa izan dezakeen neurrian: Estilo honetako ekimenek, UEUk berak eta beste zenbait proiektuk bezala, sareak sortzen eta trinkotzen dituzte, elkar ezagutzeko aukera ematen digute. Normalean, ezagutzen dituzu zure laborategikoak, zure disziplinakoak, baina ez duzu beste asko egiten ari den lanaren berri, eta gaur egun sareek garrantzi izugarria dute, ezer gutxi egin daiteke bakarka, iraganeko kontua da hori.

 

Fotos

Vídeos