BEINT bekekin, 75 gaztek 40 herrialdetan egingo dituzte praktikak

Hauexek dira aukeratutako gazteak. /SPRI
Hauexek dira aukeratutako gazteak. / SPRI

Aurten 33 urte bete dituen programaren onuradunek bermatuta dute 20 hilabeteko egonaldia atzerrian, horietako zortzi enpresa batean

Hautaketa-prozesua hasi zuten 153 gazteetatik 75 hautatu ditu Euskadiko Nazioartekotze Agentziak BEINT beka baten bidez nazioartekotze-arloari eta kanpo-merkataritzari lotutako praktikak atzerrian egiteko. Enpresa-nazioartekotzean espezializatzeko EHUk duen berezko tituluaren bidez trebakuntza teorikoa gainditu ondoren (30 kreditu), gazte hautatuek bilera bat izan dute aste honetan Euskadiko Nazioartekotze Agentziarekin. Bertan jakin dute non egingo dituzten praktikak: 40 herrialdetan banatutako kanpo-merkataritzako zenbait bulego, SPRIren bulego-sarea, edo klusterren (AFM, HABIC) eta Mugikortasun Klusterraren kanpo-delegazioak. Abenduaren 1ean hasiko da ofizialki bekaren betetze-aldia, eta une horretan hartuko dituzte hautatuek beren gain bekadun izatearen betebeharrak eta eskubideak.

SPRI Eusko Jaurlaritzako enpresa-agentziaren baitako Nazioartekotze Agentziak kudeatzen dituen internazionalizazio bekak orain dela hiru hamarkada sortu ziren, eta milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua izaten dute urtero. SPRIk ohar baten bidez azaldu duenez, «haien helburua da nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan espezializatutako profil profesionalak sustatzea. Euskadiko enpresetako nazioarte-sailen, produkzio-inbertsioen eta atzerriko ordezkaritza-bulegoen ardura hartuko duten pertsona talentudunak gaitzen laguntzea da asmo nagusia«.

Programa 30 urte baino gutxiago eta unibertsitateko titulua duten eta ingelesa dakiten gazteei dago zuzendua. Derrigorrezkoak diren tituluaz eta ingelesaz gain, masterra, esperientzia, kultura, atzerriko bigarren hizkuntza bat, euskara, psikoteknikoa eta elkarrizketa ere hartzen dira kontuan azken nota osatzeko. Deigarria da, bide batez, zein gutxik dakiten atzerriko bigarren hizkuntza bat, eta zein baxuak diren euskarari dagokion gaitasuna neurtzen duten notak ingelesari dagozkionekin alderatzen badira.

Aurretik, trebakuntza

Tituluen artean ere badaude desberdintasunak. Edozein gradudun aurkez daiteke deialdira, baina hautatuenak dira enpresa-zuzendaritza, zuzenbidea eta ingeniaritza, eta, ingeniaritza barruan, industriala, antolamendua eta zibila ikasi dutenak.

Programaren eskutik, bekadunak bermatua du 12 hilabeteko egonaldia SPRIren eta ICEXren (Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutua) atzerriko sareko bulegoetakoren batean eta, ondoren, zortzi hilabeteko praktikaldia enpresa batean.

Urtarrilean, atzerrian lan egiten hasiko dira bekari esker; trebakuntzaren zati honetan, bekadunek beren adimena eta laguntza jarriko dute enpresen esku. Azkenik, 2020an, praktikak egiten hasiko dira atzerriko enpresetan. Normalean, bekadun gisa egon diren herrialdean bertan egingo dituzte, eta, ahal dela, Euskadiko enpresetan.

Programak bekadunei praktiketarako aukerarik onenak ematea duenez helburu, beste erakunde aldeaniztun ugarik ere parte hartzen dute programan, besteak beste, Munduko Bankua, Garapenerako Banku Interamerikarra, Kolonbiako Findeter eta Nazio Batuen Garapen Programa. Azken horietan, gero eta BEINT bekadun gehiago ari dira lanean.

Nazioartekotzerako BEINT bekek 33 urte bete dituzte dagoeneko. Bekadun ia erdiek praktikak egin dituzten enpresan bertan jarraitzen dute lanean. 25 urtean, 800 gazte baino gehiago trebatu dira nazioartekotze-gaietan, eta horietatik ia 500ek nazioartekotzearekin erlazionatutako jardueretan lan egiten dute gaur egun.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos