1.300 milioitik gorako negozioak egon daitezke Latinoamerikan

Jardunakdietako irudia./
Jardunakdietako irudia.

Basque Country Lizitazioak plataforma berriak proiektuak identifikatzen ditu, eta irabazteko aukerak dituzten enpresei aurkezten dizkie

EL DIARIO VASCO

EAEko 50 enpresa inguruk parte hartu zuten SPRI Taldeak Latinoamerikako negozio handietara sartzeko antolatu dituen 'MDB days' jardunaldietan. Ekitaldi horretan Basque Country Lizitazioak plataforma aurkeztu zen. Plataforma hori Eusko Jaurlaritzak sortutako tresna berri bat da, eta helburutzat du euskal enpresek parte har dezatela proiektu multilateralen lizitazioetan, hots, garapen bidean dauden herrialdeetan lan egiten duten bankuek (adibidez BIDek, Amerika arteko Garapenerako Bankuak edo Munduko Bankuak) bultzatzen dituztenetan.

DFIk, duela 25 urtetik nazioarteko lizitazioetan parte hartzen laguntzen duen erakundeak, eginiko balantzearen arabera, enpresa parte-hartzaile gehienek interes handia erakutsi zuten horrelako proiektuetan parte hartzeko, zeintzuek 1.300 milioi dolar baino gehiagoko negozio-aukerak eskaintzen baitituzte.

Euskal enpresen ordezkaritza batek Acodal-en (Kolonbiako osasun eta ingurumen ingeniaritza elkartearen) urari eta ingurumenari buruzko kongresu batean parte hartuko du maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, SPRI Taldea izango delarik ordezkaritza horretako buru. Gainera, Eraikune klusterra Mexikon izango da ekaineko lehen astean, bertatik bertara aztertzeko eraikuntzaren sektoreak euskal enpresentzat eskaintzen dituen aukerak.

Apirilaren hasierako jardunaldi horien bi egunetan aztergai izan zituzten zein proiektu aukera dauden aholkularitza eta ingeniaritzentzat, obren sektorearentzat, eta ondasun eta hornikuntza enpresentzat.

Basque Country Lizitazioak plataformak proiektuak identifikatzen ditu, eta euskal enpresa egokienei, hots, irabazteko aukerak dituztenei aurkezten dizkiete. Ondoren, laguntza ematen die, baita ere, proposamena erakunde multilateralen aurrean posizionatzeko. Ekimena abian jartzeko 1.300 milioi USDtik gorako negozioak mugitzen dituzten Latinoamerikako 51 proiektu aztertu dira.

Basque Country Lizitazioak plataformak hautagaitzak prestatuko ditu, hiru eusko ganberen laguntzarekin eta proiektuen esparru ekonomikoetako klusterren parte-hartzearekin. Ganberek eta klusterrek identifikatuko dituzte balizko hautagaiak. Banku multilateralen lizitazio horiek hainbat abantaila dituzte: ordaintzeko segurtasuna, tokiko merkatuetara sartzeko aukera, eta enpresak posizionatzea etorkizuneko negozioetarako. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu parte-hartze eta bidaia gastuak, lizitazioak irabazten ez dituzten enpresa txikientzat, eta taldean joaten diren enpresa handientzat.