Zizurkilera itzulera eta Julen Alberdi zizurkildarra kantxara
Promesa mailan, Aspeko Julen Egigurenen eta Oier Etxebarriaren anaiak, Iker eta Mikel, ariko dira iluntzeko bederatzietatik aurrera
Patxi Alkorta zenaren ekimenez, garai batean ohiko egin zen Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan Bankoa-DV txapelketako kanporaketak ikustea. Han hartu zuen min behin gerora erremontean aritutako Oinatz Gonzalezek, eta Salaberria elorriarrak bete zituen ordezko lanak urduritasunez jositako azken tantoetan. Bost bisita izan ziren 2005etik 2010era bitartean.
Hamar urte geroago berriro Zizurkilen da Bankoa-DV txapelketa. Bi partidarekin, beti bezala. Gainera, herritarra kantxaratuko da bigarrenean, Julen Alberdi. Ilusioaren eta urduritasunaren arteko lehia biziko du bere barnean. Iluntzeko bederatzietan hasiko da jaialdia.
Julen ez da Baikoko Jon Alberdi profesionalaren senidea. Ez dute senitarte loturarik. Hemeretzi urte ditu zizurkildar aurrelari trebe eta arinak. Izan ere, 60 bat kilo ditu. Gutxi. Halere, ondo moldatzen da.
Aratz Irazustabarrena alegiarra du lagun, 1998an jaiotako mutila, afizionatu mailan eskarmentuduna. Elkarrekin ari dira baita Gipuzkoako txapelketan, Intxurre klubeko bikote bezala.
Frontoian ondo konpontzen direlako, jokoa ere badutelako, emaitza onak eskuratu dituztelako... Alberdi eta Irazustabarrena faborito dira Enaitz Anso (Oronoz, 1998) eta Manex Balerdi (Antzuola, 1999) bikotearen aurrean.
Mutil indartsua da Balerdi, baina jarraikortasuna falta zaio maila honetan, partidek ematen dutena. Irazustabarrenari aurre egiteko ez da nahikoa dozena bat tanto on jokatzea. Kopuru hori bikoiztea komeni da garaipenera hurbiltzeko. Horixe erakutsi behar du. Ansok lagunduko dio. Fina da nafarra, langilea eta defentsa onekoa.
Azken hilabeteotan gutxi jokatu dutelako, une honetan zer maila eman dezaketen zalantzan dago. Zenbait kasutan erreferen-tziak falta dira. Entrenamenduak kontu bat dira. Lehiaketak uzten du bakoitza bere lekuan.
Anaia gazteak promesetan
Promesa mailako pilotari gazteagoek irekiko dute jaialdia. Alde batetik, Iker Zubeldia (Altzo, 2002) eta Mikel Etxeberria (Igorre, 2002); bestetik, Iker Egiguren (Azpeitia, 2003) eta Xhoe Lazkoz (Urtasun, 2003).
Mikel Etxeberria Aspen aritzen den Oierren anaia gaztea da, atzelaria hau ere, bi esku txukunduna. Iker Egiguren, berriz, enpresa bereko Julenen anaia, aurrelaria baita. Batak zein besteak gora egin dute nabarmen azken urtean. Odolean daramate pilota.