Xabier Zaldua da gaur faborito Euskal Pentatloian hirugarren txapela janzteko
Azpeitiko zezen plazan lehiatuko dira 22etatik aurrera (ETB1en) egungo txapelduna, Gabirondo, Arria V, Errazkin, Peñagarikano eta Kañamares
Xabier Zaldua zumarragarra da faborito gaur 22:00etatik aurrera Euskal Pentatloiko txapela hirugarren aldiz jarraian irabazteko. Aurreko bi edizioetan bezala, Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute finala eta sei kirolari ariko dira lehian nor baino nor. Zalduak irabazi ditu aurreko bi edizioak eta zumarragarra garaitzen saiatuko dira Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo 'Arria V', Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares.
Txandak finalerako sailkapena kontuan hartuta egin dituzte. Honela, lehenengo txanda laugarrenetik seigarren postura sailkatu ziren Peñagarikano, Errazkin eta Kañamaresek osatuko dute eta bigarrengoan Zaldua, Gabirondo eta Arria V ariko dira, finalaurrekoan hiru lehenengo postuetan sailkatutakoak.
Iazkoan aritu ziren kirolarietatik bik bakarrik errepikatuko dute aurtengo finalean, Zalduak eta Arriak. Beste laurentzako estreineko finala izango da. Egin beharreko lana ezaguna da eta azken bi urtetako berdina. Hau da: 100 kiloko bolari 25 jasoaldi ematea; gizon proban, bi plaza osatzea 400 kiloko harriarekin; hiru kanaerdiko moztea; 50na kiloko txingekin lau plaza osatzea; eta korrika hiru kilometro egitea, zezen plazari 30 buelta emanez.
«Helburua hirugarren txapela etxera eramatea da. Entrenamendu saioetan ongi aurkitu naiz»
xabier zaldua, zumarraga
«Pasa den urtean hirugarren sailkatu nintzen, baita finalaurrekoan ere, baina irabazteko entrenatu naiz»
arria V, errezil
«Nire helburua ahalik eta mailarik altuena ematea izango da. Badakit ni baino aurkari hobeagoak daudela»
iñaki errazkin, ibarra
«Harriarekin dauden bi lanetan nola bukatuko dudan da nire kezka nagusia. Horrek baldintzatu dezake»
julen gabirondo, urnieta
«Aurkari denak dira maila handikoak eta ez da erraza izango hiru aurrenekotan sailkatzea»
kepa peñagarikano, beizama
Nafar bakarra ez zen aurkezpenean egon. Bere lehenengo finala da eta ahalik eta aurrerago geratzea du helburu
julen kañaremas, arostegi
Azken bi urteetan Zalduak irabazi du 36:26 eta 38:29 denborekin, hurrenez hurren. Pasa den urteko azpitxapelduna, Joseba Otaegi, aurten arraunean aritu da Getarian eta ez da finalean egongo, baina bai hirugarren sailkatua, Arria V.
Hala ere, arerio gehiago badaude. Sailkapen frogan Julen Gabirondok ezustekoa eman zuen bigarren sailkatuta eta Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares ere ez ziren urrun geratu. Lehia estua espero da, nahiz eta zaldua zerbait goitik dagoela dirudi. Errekorra Joxemari Olasagastik du 27:20ko denborarekin 1990an egina.
Euria iragarri dute, eta babesteko, harria jasoko duten gunea ikusleen ikusmira oztopatuko ez duen karpa altu batekin estaliko dute. Debekatuta egongo da zezen plazara edariak edo janariak sartzea, eta erretzea ere bai. Bestetik, harmailetako marka zurietan bakarrik eseri ahalko dira ikusleak. Egoera berrira moldatuta 700 sarrera jarri zituzten salgai, eta hiru egunetan agortu ziren denak. Hala ere, nahi duten guztiek finala zuzenean ikusteko aukera izango dute, 22:00etatik aurrera, ETB1en.