Vicente eta Larrañaga, denen ahotan
Sherpa.ai Txapelketa Nagusiko aizkolariek otsagiarra eta azpeitiarra azpimarratzen dituzte hautagai nagusi bezala bihar Bilbon jokatuko den finalerako
Sherpa.ai Txapelketa Nagusiko finala bihar jokatuko da Bilbao Arenan eguerdiko 12:00etatik aurrera ikuslerik gabe. Sei aizkolari sailkatu dira finalerako eta aurten Euskal Herriko Txapelketaren lekua hartu duen saioan lan berdina egin behar dute: hamabi pago enbor moztu (lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko). Finalistak Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi 'Txikia IV' eta Hon Irazu dira. Lau gipuzkoar, bizkaitar bat eta nafar bat. Otsagabiako aizkolaria da azken txapelduna eta Atutxa finalera itzultzen da 2019an kanpoan geratu ondoren eta aurreko bost edizioak irabazi eta gero.
Iker Vicente | 2019ko txapelduna
«Larrañagak lan asko eman dit azken txapelketetan»
Iker Vicentek asteazkenean eman zituen azken aizkorakadak finalaren aurretik eta azken saio gogorra Nafarroako Txapelketaren finalean izan zuen pasa den igandean. Txapela jantzita sasoi onean dagoela erakutsi zuen. «Oso gustora aurkitu nintzen eta gogo handiak ditut igandea iristeko, ea lan txukuna egiten dudan». Otsagabiako aizkolariak, urte arraro honetan, Atutxa esaterako, sailkapen egunean bakarrik ikusi zuen aizkoran. «Ez dakigu ongi nola aurkituko diren aurkariak. Mikel Larrañaga oso ongi omen dago, baina bata bestearen aurka ibili gabe ez dago jakiterik nolakoa izango den errendimendua. Azken txapelketetan Larrañagak lan asko eman dit, aurre hartu ere bai. Aurreko urtean ez dut uste bere onena eman zuenik, oso aurkari gogorra izango da. Atutxa ere txapeldun handia da. Azkenengo urtean 37 minututan egin zuen lana. Txikia eta Otaño bera ere gero eta gertuago daude eta ez dira ahaztu behar». Jenderik ez da egongo Bilbao Arenan eta horrek pena sortzen die aizkolariei. «Nire aldetik nahiago det jenderik gabe jokatzea, jokatu gabe geratzea baino. Donezteben ere jenderik gabe aritu ginen».
Aitzol Atutxa | 2014tik 2018ra txapeldun
«Iker Vicente ikusten dut faborito nagusi»
Aitzol Atutxak bost aldiz irabazi du Euskal Herriko txapela, baina aurten ez du bere burua faborito ikusten. «Aurten lesio batetik irten naiz eta ez dut esango helburua bete dudanik finalean sartuta, baina presio puntua banuen sailkapen egunean. Hemendik aurrera, lesio batetik etorrita, aurkariak nola dauden ikusita gozatzen saiatuko naiz eta ahalik eta postu onena lortzen». Bederatzigarren finala da biharkoa dimarrarentzat. Bost txapela irabazi aurretik bigarren, laugarren eta bosgarren sailkatu zen. «Hirugarren eta seigarren postuak egiteko nago. Gainera aurten bigarren zaharrena naiz, Irazu eta gero». Aurten erreferentzirik ez dute aizkolariek eta bakoitzak zer sasoi duen ez dakite zehatz-mehatz. «Urrezko Aizkoalriak, Donostiako Kopa eta kanporaketa proba ditugu. Lan desberdinak dira. Iker Vicente jarriko nuke hautagai nagusi bezala. Sasoi betean dago, eskarmentua du, txapeldun izan da eta lana ongi ezagutzen du. Koska bat gorago dago. Mikel Larrañaga izan zen lehenengo kanporaketan, Txikiak ere irabazi zuen Urrezko Aizkolariak. Hiru izen horiek jarriko nituzke aurretik».
Mikel Larrañaga | 2020an azpitxapeldun
«Etxeko lana egiten badut final ona izango da niretzat»
Entrenamendu saio onak egin ditu Mikel Larrañagak txapelketa aurretik. Gainera kanporaketan denborarik onena egin zuen. «Entrenamendu onak egin ditut etxean. Aizkoran gustora ari naiz eta lan horiek errepikatzen baditut final ona izango da niretzat».
Urtean zehar gutxi aritu dira eta horrek eta jende ezak finala baldintzatzen dituela dio. «Jenderik ez egoteak niri agian mesede egiten dit. Presio gutxiago izango dut eta lasaiago aritzeko aukera. Erakustaldirik ez egoteak denei egin digu kalte».
Aurkarien artean Vicentek berea egingo duela ziur dago. «Igandean ikusi zen sasoi betean dagoela. Gero Atutxa ikusi behar nola aurkitzen den. Aurreko maila berreskuratu duen ikusi beharko dugu. Txikia eta Otaño ere ezin dira ahaztu, asko egiten dute aizkoran. Orokorrean denak egingo dute lana». Bere helburua etxeko lana egitea da. «Hori eginez gero borrokan ibiliko naiz. Pasa den urtean indartsu hasi nintzen, baina sasoia zerbait galduta nuen eta luze egin zitzaidan azkenerako».
Jon Irazu | 2015an azpitxapeldun
«Biharko lan luzea amaitzeko sufritu egin beharko dut»
Jon Irazu zizurkildarra berriro itzuli da finalera 2015ean azpitxapeldun geratu eta gero. Berak dioen bezala ez da orduko aizkolaria eta helburua ahalik eta hoberen amaitzea izango da. «Niretzako finalera sartzea helburua soberan betetzea izan da. Gaur egun ez naiz orain urte batzuk bezala aizkoran aritzen eta hori nabari da. Kanporaketara hilabete eta erdi entrenatuta joan nintzen eta ez nuen espero finalera sailkatzea. Igandean lana bikotza da eta lan luzea amaitzeko sufritu egin behar dudala uste dut».
Irazu ez da aizkolari zaharra, 38 urte ditu, baina finaleko zaharrena da. «Urte gutxitan asko aldatu da finala. Orain gaztetasuna sartu da eta duela urte gutxi adinean helduagoak aritzen ziren finalean. 2015eko finalean ni gazteenetakoa nintzen eta pentsa aurten».
Julen Alberdi 'Txikia IV' | Hirugarren 2019an
«Alde gutxiko finala izango dela uste dut»
Julen Alberdi 'Txikia IV'aren bigarren finala da eta aurten Urrezko Aizkolarien txapelketa irabazi ondoren iristen da final nagusira. «Fisikoki ongi aurkitzen naiz. Azkenengo aste hontan indarrak errekuperatuz nabil eta nahiko ongi bilatzen naiz». Txikiak faborito ikusten ditu Vicente eta Larrañaga. «Kanporaketan ikusi zenaren arabera, nahiko aukerekin ikusten ditut Larrañaga eta Vicente. Borroka handiena bien artean dagoela uste dut, baina final estua izango da».
Txapelketa eraberritua izango dela dio azkoitiarrak. «Itxura zaintzen saiatu gara eta detaile berriak azalduko dira. Betiko sustraiak mantenduz saioa garai berrietara egokitzeko bidean gara»
Eneko Otaño | Laugarren 2019an
«Gustora nago eta gerra emateko prest»
Eneko Otaño beizamarrak laugarren amaitu zuen iaz, Txikiarengandik segundo bakarrera. Aurten helburua sailkapen hobea lortzea du. «Oso gustora nago. Ez dago aitzakiarik, gerra emateko prest nago».
Martxotik gutxi aritu da aizkoran, baina horrek ez omen dio kalterik egin. «Donostian eta kanporaketan bakarrik jardun naiz, baina hobeto aurkitzen naiz. Agian ez dut horrenbeste indar xahutu jaialdietan eta horrek mesede egin dit. Lasaiago nago eta txisparekin aurkitzen naiz. Puntu onean iristen naiz. Helburua ahalik eta denborarik onena egitea izango da. Hala ere, ikusiko dugu zer motako enborrak ditugun plazan, horrek baldintzatzen baitu azken denbora hori».
Datuak
-
Partaideak. Aizkolariak: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Aitzol Atutxa, Eneko Otaño, Jon Irazu eta Julen Alberdi.
-
Lana: 12 pago enbor, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.
-
Lekua eta ordua: Bilbao Arena. Promozioko txapelketa hasiko da 12.00etan eta behin amaituta, 12:45ak aldera, hasiko da finala.