DVKirolak

«Talde polita daukagu eta txapelketa on bat egiteko aukerak ditugu»

Alex Saleta gaztea 3. lerroko jokalaria da eta bai 15eko eta bai zazpiko errugbian Espainiako selekzioaren deialdietan sartzen ari da azkenaldian/UNCITI
Alex Saleta gaztea 3. lerroko jokalaria da eta bai 15eko eta bai zazpiko errugbian Espainiako selekzioaren deialdietan sartzen ari da azkenaldian / UNCITI

Alex Saleta lasarteoriatar gaztea 18 urtez azpiko Beltzak taldeko etorkizun handiko jokalaria da eta igandean debuta egingo du kategoriako Europako Txapelketan Espainiako selekzioarekin

I. U.

Alex Saleta Atorrasagasti (2001eko ekainaren 8a, Lasarte-Oria) Beltzak errugbi taldean egiten ari den lanagatik nabarmentzen ari da azkenaldian. Egun hauetan Madrilen dago kontzentratuta 18 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin, igandean hasiko duten Europako Txapelketa ondo prestatzen. Berarekin batera, beste hiru gipuzkoar jokalari egongo dira Holandaren aurka irekiko duten Errusiako lehiaketan eta lan bikaina egiteko itxaropena dute.

-Aurten estreinakoz deitu zaitu Espainiako selekzioak. Pozik, ezta?

-Bai, noski. Harro egoteko modukoa da. Horrek dio eguneroko lanean ondo moldatzen ari naizela. Pertsona saiatua naiz eta ahaleginen saria bezala ikusten ditut deialdi hauek.

-Hiru izan dira guztira, bai?

-Hori da. Lehenengoa ustekabe atsegina izan zen, ez nuen batere espero. Aukera eman zidaten, ondo aprobetxatu nuen eta orain Europako Txapelketa jokatzeko prest nago.

-Hori da. 18 urtez azpikoa da, baina Kaliningradoko hitzordu hau gauza handia da dagoeneko...

-Oso. Hasteko, Errusiara lehen aldiz joateko aukera ezinhobea. 14ean egingo dugu debuta eta irrikitan nago, ilusio handiarekin. Talde polita daukagu eta txapelketa ona egiteko aukera handiak ditugu.

-Garrantzitsua izango da talde bezala ongi moldatzea, ezta?

-Oso. Jokalari bikainak ditugu, baina garrantzitsuagoa da multzoa ondo kohesionatzea. Hori ere lortu dugula uste dut eta talde honetatik lagunak aterako ditudala argi daukat.

-Gainera, lau gipuzkoar zoazte...

-Bai. Aviron Bayonnais-en jokatzen duen Iker Aduriz hernaniarra, Bera Berako Anton Legorburu donostiarra eta Ordiziako Erlantz Garmendia ordiziarra datoz nirekin Errusiara eta eskertzen da, egia esan.

-Partida eta entrenamenduetan konturatzen zara beste jokalarien gainetik nabarmentzen zarela?

-Izan daiteke. Agian konturatzea ez da hitza, baina nabaritzen da. Taldekideek gehiago bilatzen naute partida batzuetan, arerioen arreta ere handiagoa izan daiteke... Baina errugbia talde-kirola da eta guztiak gara garrantzitsuak irabazteko.

-Zazpiko errugbian gehiago nabaritzen al dira horrelako gauzak?

-Bai. 15ekoan jokalari asko gaude zelaian. Ez dago leku gehiegirik. Baina zazpikoa zelai berberean joka-tzen da, fisikoki zorrotzagoa da eta gauza hauek argiago ikusten dira.

-Modalitate honetan ere selekzioarekin ibilitakoa zara, ezta?

-Bai, oraintxe bertan bueltatu berri naiz kontzentrazio batetik eta badirudi nahiko ondo ari naizela.

-Oso desberdinak izango dira...

-Nabarmenki. Hasterakoan gehien nabaritu nuena pasea bera izan zen. 15ekoan zazpi metroko paseak dagoeneko luzeak dira eta zazpikoan 12 edo 15 metrokoak ere egiten dira.

-Eta fisikoki nola da?

-Oso sendoa izan behar zara, minutu gutxi pasatzerako hankak gehiegi pisatzen dute eta. Horregatik zazpi minutuko bi zati jokatzen dira; eta 15ekoan, 40 minutukoak. Hala ere, ni nahiko ondo moldatu naiz.

-Bietatik bat aukeratu beharko bazenu zein izango litzateke?

-Ba bietan oso gustora jokatzen dut, egia esan, baina 15ekoa aukeratuko nuke, zalantza gehiegirik gabe. Izan ere, hori da hasieratik erakarri ninduen kirola eta dagoeneko oso ondo eginda nago joko mota horretara.

-Gauza desberdin asko batzen dituen kirola dirudi errugbia, ezta?

-Horrela da. Eta batzuetan gogorregia egiten da. Ez da bakarrik korrika egitea, lurrera botatzea, arerioak plakatzea, kolpeak jasotzea...

-Babyauto Zarautz Beltzak taldean jokatzen duzu normalean. Zer moduz aurtengo denboraldia?

-Pixka bat gogorra izan da. Ez dugu zorte gehiegirik eduki, baina horrela gertatzen da batzuetan. Espero dugu behintzat playoff-etan zerbait egitea, Espainiako Txapelketarako sailkapena Bera Berak lortu baitu.

Oso garrantzitsua da aireko baloiak harrapatzeko hauen abiadura eta norabidea ondo neurtzeko gai izatea.
Oso garrantzitsua da aireko baloiak harrapatzeko hauen abiadura eta norabidea ondo neurtzeko gai izatea. / UNCITI

-Gehiago espero zenuten?

-Bai. Bi urtez jarraian irabazi dugu Euskadiko Txapelketa eta etsipena izan da ez lortzea kategoria txikietan gauden azken urtea izanda. Hala ere, Espainiako Txapelketa irekian lan ona egiten saiatuko gara.

-Zenbat eta nola entrenatzen zara normalean denboraldian zehar?

-Nire kabuz gimnasioko hiru entrenamendu egiten ditut astero. Espainiako selekziotik plan pertsonalizatu bat pasa didate eta hori egiten dut. Eta gure taldearekin beste bi entrenamendu egiten ditugu.

-Zer iraupeneko lan saioak dira?

-Gimnasioan ordu batekoak edo ordu eta laurdenekoak. Taldearekin ordu t'erdikoak, ariketa fisikoak eta lan teknikoa eta taktikoa barne.

-Eta selekzioarekin berdintsu?

-Lan saioak bai, baina jokoaren abiadura handiagoa da, jendea fisikoki ahaltsuagoa da eta orokorrean lan zorrotzagoa egiten dugula uste dut.

-Noiz eta nola hasi zinen errugbian jokatzen? Gustuko hasieratik?

-11 urterekin. Lagun batek saiatzera gonbidatu zidan eta Lasarteko Michelin zelaian izan nuen lehen kontaktua. Hasieratik ondo egin nin-tzen kirolera eta nahiz eta pasatzen eta ez nekien, gustura ibili nintzen.

-Aurretik beste kiroletan ibilitakoa izango zinen, ezta?

-Bai, lehenago judoa egiten nuen eta hiru urtez biak bateratu nituen, baina 14 urterekin utzi behar izan nuen errugbian jarraitzeko. Futbolean ere ibili nintzen urte batez, baina hankekin nahiko txarra nintzen (barre egiten du). Lagunekin saskibaloian ere aritzen gara batzuetan.

-Beti alderatu dira errugbia eta futbola noble eta bilauei arteko desberdintasunak adierazita. Ados?

-Bueno, desberdintasunak badaude. Errugbian ere jotzen gara ba-tzuetan, baina partida bukaeran denok elkarrekin edaten dugu garagardoa eta zelaian gertatutakoa han gelditzen da. Zentzu horretan errug-bian kiroltasun handiagoa dago.

-Zer da errugbitik gehien eta gu-txien gustuko duzuna?

-Gehien gustuko dudana jokoa bera da. Asko gustatzen zait. Adimena eta indar fisikoa bateratzen ditu eta oso erakargarria da. Eta kolpeak eguneroko gauza direnez, gutxien gustuko dudana da egoera txarrean dagoen zelai artifizial batean jokatzea.

-Nola definituko zenuke zure burua 3. lerroko aurrelari bezala? Zer da jokoan hobekien egiten duzuna eta hobetzeko daukazuna?

-Defendatzea da gehien gustatzen zaidana eta hobekien egiten dudana. Norgehiagoka osoak pasako nituzke lurrera joaten, plakatzen eta kolpeak ematen. Eta erasoan ere ondo moldatzen naiz baloiarekin. Hobetu beharko nukeena da erasoko erabakiak hartzeko unean gehiago asmatzea. Baloiarekin nahiko berekoia naizela uste dut eta askotan geihegi gordetzen dut eskuetan.

-Zer da garrantzitsuena?

-Ez nazazu gaizki ulertu, baina jokalari oldarkorra izatea, harrapakin txakurra izatea. Baloia daramana lurrera bota, baloia lapurtzen saiatu, horrelako gauzak egin behar dira eta jokalari gogorra izan beharra dago.

-Gipuzkoar erreferenterik al duzu?

-Asko izan dira. Bueno, Feijoo... Baina orain gehien gustuko dudana da Julen Goia izaldarra. Jokalari bikaina iruditzen zait eta erreferente argia da niretzako. Lan bikaina egiten ari da, bai bere taldean eta baita selekzioan bueltan ere. Handia da.

-Nor da zure kiroleko idoloa eta zergatik?

-Sam Warburton galestarra. Errugbia utzi behar izan du masailezurra hautsi zuelako eta pena handia izan da. Eta zazpikoan, Perry Baker.

-Beste diziplinako kirolaria?

-Rafa Nadal.

-Film edo telesail bat?

-Tronoen Jokoa.

-Musika talde, abeslari edo abesti bat?

-Green Valley.

-Oporretara joateko lekua?

-Australia.

-Jokatu aurretik mania edo superstizioren bat?

-Dutxetan eseri eta musikarekin lasaitzea gustuko dut.

-Janari plater bat?

-Amaren paella.

-Jokatzeko zelai bat?

-Edinburgoko Murrayfield.

-Pertsonai historiko bat?

-Jesse Owens.

-Hobby bat?

-Saskibaloian ibiltzea.

-Ezagutu nahiko zenukeen pertsona bat?

-Cristiano Ronaldo.

-Zure kirol bizitzako poztasunik handiena?

-Iazko Euskadiko Txapelketa gure zelaian eta 900 pertsonen aurrean irabaztea.

-Zure bertuterik onena eta akatsik nagusiena?

-Akatsa... aiurri oso gogorra daukadala. Horrek batzuetan galtzen nau. Bertutea... pertsona saiatua naizela, nik uste.

-Betetzeko daukazun desio edo amets bat?

-Utopikoa... Munduko Kopa irabaztea. Eta errealagoa... Europako Txapelketa irabaztea.

Temas

Rugby