Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia aurkeztu da Bilbon
Aizkolari nagusiek parte hartuko dute txapelketa berri honetan eta finalerako sailkapena etzi izango da Zestoan eta finala Bilbao Arenan, azaroaren 29an
Bilbao Arenan Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia aurkeztu zen atzo prentsaurrekoan. Euskal Herriko aizkolari garrantzitsuenak, elkarrekin, antolatu dute eta Sherpa.ai enpresaren laguntza izango du. Sailkapen proba Zestoan jokatuko da etzi, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, eta finala Bilbao Arenan izango da azaroaren 29an.
Aitzol Atutxak eta Iker Vicentek, lehen mailako aizkolariek, beste aizkolari batzuekin batera, eta hauekin Xabi Uribe-Etxebarriak, Adimen Artifizialean liderra den Sherpa.ai enpresako sortzailea eta buruak, Bilbon aurkeztu zuten txapelketaren nondik norakoak.
Txapelketaren lehenengo hitzordua Zestoako Gurutzeaga Frontoian izango da, finalerako sailkapenarekin. Hamar aizkolarik parte hartuko dute: Julen Alberdi 'Txikia IV', Eneko Otaño, Ugaitz Mugerza II, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Jexuxmari Mujika, Jon Irazu eta Aitzol Atutxa ll.
Egin beharreko lana finaleko erdia izango da, hau da, sei enbor ebaki beharko dituzte; bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko.
Finala Bilboko Bilbao Arenan jokatuko da azaroaren 29an, eguerdiko 12:00etan hasita. Final honetan Zestoako kanporaketan sailkatutako lehen sei aizkolarik parte hartuko dute ohikolanean, hamabi enborretara.
Promoziorako lehia, Bilbon
Honetaz gain, lehen mailarako promozioa lortzeko borrokatuko dute beste zortzi aizkolarik: Larrea III, Corchero, Jauregi, Aratz Mugerza, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai lV eta Julen Kañamares. Txapelketa hauetan Zestoa eta Bilboko Udalak ere laguntzaile dira. EiTBk zuzenean emitituko ditu bi final hauek.
Bestalde, finalerako sarreren salmentari dagokionez, txapelketaren webgunean eskuragarri egongo dira laster eta txapelketaren nondik norako guztiak bertan jarraitu daitezke, http://www.aizkolaritxapelketanagusia.eus/ webgunean.