DV Kirolak

«Nigan daukadan konfiantza hobetu beharko dut orain»

Nieves pilota potentzia handiarekin jotzeko gai da eta 'tee'tik ateratzen eta kolpe luzeenetan oinarritzen du bere jokoa./
Nieves pilota potentzia handiarekin jotzeko gai da eta 'tee'tik ateratzen eta kolpe luzeenetan oinarritzen du bere jokoa.

Nieves Martin jokalari gaztea Madrilgo eskola ospetsuan gogor ikasten eta entrenatzen ari da eta emaitza bikainak lortu ditu denboraldi honetan

I.U.

Nieves Martin Torre (2002ko maiatzaren 15a, Donostia) golf-jokalari gaztea Andaluziako Kopako txapeldunorde izendatu zen urtarrilaren erdikaldean. 16 urte besterik ez ditu, baina helduekin borrokan aritu zen eta azken jardunaldian garaipena bereganatzeko aukerak zituen nahiz eta lortu ez izan. Iaz 16 urtez azpiko Espainiako txapeldunorde atera zen eta Madrilgo Blume eskola ospetsuan egiten ari den lan gogorraren sariak dira guzti hauek.

-Azkeneko jardunaldian garaipena lortzeko aukerak zenituen...

-Bai, azkeneko egunean, bueltaren erdian, bi kolpetara bakarrik neukan liderra. Konfiantzarekin nengoen eta oso ondo jokatzen, baina akats pare bat egin nituen eta ezin izan nuen azkeneko unerarte borrokatu ahal izan. Hala ere, oso pozik nago lortutako emaitzarekin.

-Lau eguneko txapelketa izan zen. Erregularra izan al zinen?

-Desberdintsuak izan ziren. Buelta bikain batekin hasi nintzen, baina txarrera egin nuen. Hala ere, oso pozik egoteko moduko txapelketa izan zen. Beti egiten dira akatsak, oso zaila da lau egun horietan zehar zure mailarik onenean aritzea.

-16 urte besterik ez dituzu, baina zure burua absolutuekin txapelketak eskuratzeko ikusten al duzu?

-Bueno, beti da posible hobetzea. Eta nahiko nuke, noski. Momentu honetan nahiko ondo sentitzen naiz, konfiantza daukat nire jokoan eta oso argi daukat lana egiten jarrai-tzen badut, goian egongo naizela, garaipenengatik borrokan.

-Zure kategorian ederki zabiltza. Iaz 16 urtez azpiko Espainiako txapeldunorde izendatu zinen...

-Bai, Espainiako Txapelketa Andaluziako Kopa baino askoz garran-tzitsuagoa da, baina kasu hartan nire adineko jendearekin lehiatu nin-tzen. Andaluziako Kopan, aldiz, neska helduagoekin borrokatu behar izan nuen eta zorrotzagoa izan zen. Horregatik pozten nau gehiago.

-Noiz eta nola hasi zinen golfean jokatzen? Txikitatik izan zen?

-Nahiko txikia nintzen, bai. Lau urterekin hasi nintzen. Nire aitak oso gustuko zuen golfa eta asko bidaia-tzen zuen bere inguruan. Bai berak eta baita nire anaiak eta amak ere jokatzen zuten eta nahiko pauso logikoa izan zela uste dut.

-Hasieratik gustuko izan zenuen?

-Ez. Hasieran oso txikia nintzenez, ez nuen oso gustuko. Ez nuen gauza garrantzitsu bat bezala ikusten eta jostailuekin jolastea, adibidez, nahiago nuen. Geroxeago lelokeria puntu hori kendu zitzaidan.

Andaluziako Kopan neska helduagoekin borrokatu ahal izatea sekulako poza izan zen

Lau orduz entrenatzen dut egunero: bi orduko golf lan saioak eta beste bi orduko saio fisikoak

-Zenbat urterekin izan zen?

-Hamar urterekin, gutxi gorabehera. Espainiako txapelketetan parte hartzen hasi nintzen eta lehenengo urtean bigarrena izan nintzen. Basozabaletik ateratzeak eta beste zelaietan golfean jokatzeak nahiko lagundu zidaten zentzu horretan.

-Eta noiz konturatu zinen golfa zure kirola izan behar zuela?

-Hamar urterekin gehiago entrenatzen hasi nintzen. Gero eta gehiago gustuko nuen eta hurrengo urteetan sentsazio hori handitzen joan zen. 15 urterekin Leongo Blume eskolara joan nintzen eta orain oso pozik nago Madrilgo Blumen.

-Profesionala izateko nahian?

-Bueno, asko gustatuko litzaidake eta orain aukera bat bezala ikusten dut. Momentu honetan ikasketak eta golfa besterik ez dauzkat buruan. Etxetik kanpo nago, ez dut lagunak ikusteko aukerarik eta egunero gogor ikasten eta entrenatzen ari naiz.

-Aldaketa handiak antzeman dituzu Madrilera iristerakoan?

-Bai, oso desberdina da. Hemen kirol guztietako kirolariak daude eta Leonen, ez. Ez dut esango hobeago edo txarrago denik, baina bai eskola kontzeptua oso ezberdina dela.

Garrantzitsuagoa da konfiantza kolpe onak ematen asmatzea edo indartsua izatea baino

Profesionala izatera iristea asko gustatuko litzaidake, baina gogor jarraitu beharko dut

-Zer sentitzen da hainbesteko ospea duen eskola batean?

-Oso harro nago. Institutuan benetan nabaritzen da denak kirolariak garela eta irakasleak gure lekuan jartzen dira, azterketa datak aldatu eta erraztasunak emate dizkigute... asko eskertzen da hori. Eta dena oso ondo antolatuta eta pentsatuta dago.

-Nolakoak dira zure egunak?

-Ikasi eta golfean jokatu, ez dut horretaz aparte gauza gehiegirik egiten. Golfeko taldekoekin batzuetan ateratzen naiz zeozer hartzera edo afaltzera eta lagunekin egotea bezala da, baina ez da ohikoena.

-Nolakoak dira entrenamenduak?

-Bi orduko golf lan saioak egiten ditugu egunero. Hiru atal desberdin daude zelaian zehar: joko luzekoa, joko motzekoa eta puttekoa. Bakoi-tza gehiago landu behar duen lekuan denbora gehiago egoten da, baina txandaka ibiltzen gara denak atal guztietan entrenatu ahal izateko.

-Eta fisikoa nola lantzen duzue?

-Beste bi orduko lan saioak egiten ditugu egunero. Prestatzaile fisiko bat daukagu eta berak eguneroko lana antolatzen digu. Ariketa aerobikoak zenbat iraun behar duten eta indarrekoak ze pisurekin egin behar ditugun azaltzen digu.

-Hori astelehenetik ostiralera. Eta asteburuetan gehiago, ezta?

-Bai, noski, larunbatean zelaira irtetzen gara eta 18 zuloko ibilbidea egiten dugu, guztira beste lau edo bost ordu. Igandeetan jai daukagu.

-Nola definituko zenuke zure burua? Zer da hobekien egiten duzuna eta hobetzeko daukazuna?

-Hobetu behar dudana da nire buruan daukadan konfiantza. Askotan, akats bat egiten dut eta behera egiten dut nire jokoan. Eta hobekien egiten dudana... indartsua naizela. Lehen kolperako eta kolpe luzeetarako oso ondo datorkit hori, noski.

-Konfiantza ezinbestekoa da...

-Bai, kolpe onak ematea edo indar-tsua izatea baino askoz garrantzi-tsuagoa da, nik uste. Psikologo bat daukagu golfeko taldean eta berarekin lanean ari naiz. Guztiontzako eta bakarkako lana egiten du eta asko laguntzen digu hobetzeko.

-Eta Basozabalen Txema Olazabalekin ere lanean egon al zara?

-Bai, zorte handi hori izan nuen. Gabonetan berarekin entrenatzen egon nintzen eta lan guzti hori asko lagunduko didala argi daukat. Txema beti izan da erreferente eta idolo bat golfean eta hemendik eskertu nahi diot bere laguntza.

-Nola daramatzazu ikasketak?

-Nahiko ondo. Beti izan naiz antolatzen den horietakoa eta nahiz eta ez den erraza ikastea hainbeste entrenamendu eta bidaiekin, molda-tzen ari naiz. Zaila egiten da bidaietan ikastea, gero lehiatzea eta bueltatzean klaseko lana berreskura-tzea, baina egin behar dudan ahalegina da eta oso gogor ari naiz.

-Estatu Batuetara ikastera joatea pentsatuta al daukazu?

-Ez dakit oraindik. Hara joanda dena errazagoa izango litzateke golfean eta asko gustatuko litzaidake, baina oraindik goiz da. Ikusiko dugu.

Gehiago

Temas

Euskera