Goi mailako euskal kirolarien «beste aldea» erakusteko saioa
Mikel Linacisoro eskalatzailearekin abiatu da 'Matx' podcasta
I. Mendia
Larunbata, 7 ekaina 2025, 11:43
Goi mailako euskal kirolarien «beste aldea» erakusteko asmoz estreinatu dute 'Matx' podcasta, «tokiko kirolaren sare sozialarekin, elkarlanean, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusteko asmoz jaio». Basque Team Fundazioak sortu du ekimena, goi mailan ibili arren, ikusgarritasuna behar duten euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen bideopodcasta.
Pasa den aiatzaren 30ean estreinatu zen lehen saioa Mikel Linacisoro eskalatzailea zuela gonbidatu. «Dagoeneko grabaketa batzuk egin ditugu eta oso gustura ari gara kirolariekin. Asko ireki zaizkigu eta euren alde intimoa, saltseroa eta gertukoa erakutsi nahi dugu», dio saioko aurkezle Aratz Losadak. «Serio jarriko gara, gai sakonak ere landuko ditugu, eta, noski, gure izaera ganberroari eutsiz, momentu batzuetan, jolasean edo estutasunen batean ere jarriko ditugu gonbidatuak» gaineratu du. Matx podcastaren lehen denboraldiak sei kapitulu izango ditu. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan saio berri bat ikusteko aukera izango dute sare sozialeko eta Basque Teameko jarraitzaileek. Entzuteaz gain, saioa ikusteko aukera ere egongo da.
Kapitulu guztiak www.matx.eus sare sozialean ikusi ahal izango dira inon baino lehen. Era berean, Basque Teamen plataforma digitalek, Matx-enek eta Tokikom taldeko hainbat komunikabidek ere eskainiko dituzte saioak euren webguneetan, telebistetan eta irratietan.
Hainbat helburu
Saioaren helburuei dagokionez, erantzun bateratua eman nahi izan dute saioa ekoizten ari diren Matx-eko eta Basque Teameko arduradunek: «Eragile txikiek egiten duten lana aitortu nahi dugu, eta kirol minoritarioei ikusgarritasuna ematea da gure nahia. Kirol masiboez haragoko erreferenteak sortzea, alegia. Azkenik, sareetan entretenimendua eskaintzen duten euskarazko kirol edukien beharra identifikatu genuenez, indarrak batzeko aukera paregabea zela ikusi genuen».