Igeriketa egokitua

«Europako txapelketan bosgarren sailkatzea sekulakoa izan zen»

Igeriketa Kirol Taldeko neska gaztea estilo guztietan lehiatzen da, baina krola distantzia handietan da gustukoen duena. /UNCITI
Igeriketa Kirol Taldeko neska gaztea estilo guztietan lehiatzen da, baina krola distantzia handietan da gustukoen duena. / UNCITI

Nahia Zudaire igerilari zubietarrak bi denboraldi daramatza txapelketak serioago eta gogo gehiagorekin hartzen eta egindako lan gogorraren saria jasotzen ari da azkenaldian

I.U.

Nahia Zudaire Borrezo (2004ko maiatzaren 10a, Zubieta) gazteak iraileko Munduko Txapelketako 400 metro libreetan parte hartu ahal izateko gutxienekoa lortu zuen Espainiako Txapelketan. Iazko Europako Txapelketan bosgarren izan eta gero, Estatu mailako txapeldun atera zen bere kategorian eta hirugarren izan zen guztiak batzen dituen sailkapenean, hitzordu nagusirako txartela eskuratuz. Sekulako hazkuntza bizitzen ari da igerilari gipuzkoarra azken bi denboraldietan, bere prestakuntza entrenamenduetara eta lehiaketetara bideratzeko erabakia hartu zuenetik. Bejondeiola!

-Emaitza bikainak lortzen ari zara azkenaldian. Pozik, ezta?

-Bai, oso gainera. Eguneroko lanak sariak ekartzen dituela ikustea asko eskertzen da. Denboraldian zehar badaude uneak lana egiten duzula eta emaitzak hobetu ezinik zabiltzala, baina hori aldatzen ari naiz.

-Prestakuntza aldatu al duzue?

-Bueno, pentsamoldea gehien bat. Lau urte daramatzat lehiatzen eta azkeneko bi denboraldietan serioago edo gogo gehiagorekin hartzen ditut txapelketa guztiak, egia esan.

-Eta lorpen handiak eskuratzen...

-Bai, sekulakoa izan zen iazko Europako Txapelketan parte hartzea eta bosgarren postua lortzea. Maila handia zegoen eta ikaragarria izan zen nire burua hain goian ikustea.

-Eta aurten beste pauso bat... Espainiako txapeldun eta Munduko Txapelketarako gutxienekoa.

-Bai, oso-oso pozik nago. Aurtengo denboraldian lehen aldiz ikusi dugu marka hori lortzeko aukera eta gogo handiekin eta oso gogor saiatu gara lortzeko. Esperientzia bikaina izango da han egotea eta sekulako maila duten igerilarien aurka lehiatzea.

-Buruntzaldea Igeriketa Kirol Taldean ere nabaritzen da zure lorpenekin liluratuta daudela, ezta?

-Zorte hori daukat. Taldekide oso onak eta jatorrak ditugu taldean eta baita entrenatzaile bikainak. Azken bi urteetan konturatu naiz guztien lanak eta laguntzak garrantzia handia dutela. Nahiz eta banakako kirola izan, inguruko guztia ere erabakigarria da emaitzak lortzeko.

-Igeriketan orokorrean ere errespetu eta adiskidetasun puntu hori askotan ikusten da, ezta?

-Ez dago beste kiroletan bezainbeste lehiarik aurkarien artean, egia da hori. Bakoitzak berea egiten du eta arerioa zu baino hobeto moldatzen bada, zoriontzen duzu eta kitto. Denok dugu gustuko uretan lehiakorrak izatea, baina ateratzean kiroltasun handia antzematen da beti.

-Konporta Kirol Elkartearekin ere lehiatu zinen aurretik, ezta?

-Hori da. Izan ere, Buruntzaldearekin igeriketa egokituan eta elbarritasunik gabeko jendarekin lehiatzen aurtengo denboraldian hasi naiz, lehenago klubak ez bait zuten atal hori. Aurretik Konportarekin lehiatzen nintzen, bai, baina Buruntzaldearekin entrenatzen nintzen eta beti egon naiz klubean.

-Zenbat entrenatzen zara orain?

-Astean sei egunetan eta bi ordu lan saio bakoitzeko. Askotan zorrotza da, baina niri egunak eta asteak antolatzerakoan laguntzen dit. Igeriketan arituko ez banintz, errutina oso aldakorra izango nuke. Gogorra dirudi, baina ni gozatzen ari naiz.

-Nolakoak dira entrenamenduak?

-Denetarik egiten dugu. Lehorrean ez dugu lanik egiten, baina berotu eta mota guztietako igeriketa ariketak egiten ditugu, saioak asko aldatzen dira egunean eta astean zehar. Batzuetan abiadura lantzen dugu, 50 edo 100 metro egiten, eta bestetan hondoa eta estilo desberdinen inguruan entrenatzen gara. Eskertzen da lan errepikakorra ez izatea.

-400 metro libreetan lortu duzu Munduko Txapelketarako txartela. Krola al da zure gustukoena?

-Bai, krola nahiago dut. Distantzia txikiagotan zailtasun gehiago ditut hasieratik potentzia handia behar da eta. Lasaiago hastea eta pixkanaka sentsazioak aurkitzea eta abiadura igotzea nahiago dut nik.

-Eta besteetan ibiltzen al zara?

-Bai, guztiak egiten ditut, baina krola distantzia handiagoetan, estiloak eta tximeleta nahiago ditut. Bizkar eta bular-igeriketa, batez ere azken hau, ez ditut gustuko, egia esan.

-Nola definituko zinateke igerilari bezala? Zer da hobekien egiten duzuna eta hobetzeko daukazuna?

-Zeozer buruan sartzen zaidanean lortu arte ez dudala etsitzen da nire ahalmenik handiena. Burugogorra naiz eta horrek laguntzen dit. Ahuldade nagusiena nire kontzentrazio falta da. Lehiatu aurretik besteekin egotea nahiago dut, nahiz eta horrek kalte egiten didan. Hala ere, gutxinaka hori ere hobetzen ari naiz.

-Noiz hasi zinen igeriketan?

-Txiki-txikitatik. Elbarritasunarengatik, hankentzako ona eta errehabilitazio moduko bat bezala izango zela esan zieten medikuek gurasoei. Beste ekintza batzuk ere laguntzen zidaten eta egin nituen, baina azkenean igeriketa aukeratu nuen gehien gustatu zitzaidana izan zelako.

-Gainera, gaixotasuna ia jaiotzetik jasan behar izan zenuen...

-Bai. Ez dakigu jaio aurretik edo gero izan zen, baina 15 hilabetekin ebakuntza egin zidaten. Neumonia bat izan nuen oso txikia nintzenean eta bihotzeko arazo bat detektatu zidaten. Odol-irrigazio gaitza izan nuen eta paraparesia sufritu nuen.

-Zer da hori zehazki?

-Ba gerritik behera zerotik hasi behar izan nuen, bai hankak eta bai mus-kuluak oso kaltetuta nituelako.

-Ahalegin handia egin behar izan duzu urte askotan zehar, hortaz.

-Bai, baina oso burugogorra naiz eta gurasoen laguntzarekin ondo atera dut aurrera. Ibiltzen banekien, baina berriz ikasi behar izan nuen eta gogo handiz hartu nuen hasieratik.

-Nola daramatzazu ikasketak?

-Ondo. DBH 3. mailan nago eta ez da zaila, nik uste. Nahiko ondo bateratzen ditut igeriketa eta ikasketak eta lehen esaten nizuna, antolatzen laguntzen dit. Gainera, irakasleek ere laguntzen didate kanpora lehiatzera atera behar dudanean.

-Munduko Txapelketa uztailetik irailera pasa dute. Pena, ezta?

-Bai. Irrikitan nago hara joateko eta ahal dudan guztia egiteko. Ez dizkiot nire buruari kirol helburuak jarriko. Esperientzia gozatzea, jende berria ezagutzea eta uretan ahalik eta hobekien egitea da nire ideia. Presiorik gabe joango naiz, iaz Europakoan egin nuen bezalaxe.

-Eta aurrerago begira? Helburu edo erronka argirik ba al duzu?

-Oraingoz ez dut pentsatu. Ez zait gustatzen erronka handiak aukeratzea. Izan ere, lortzeko aukerak dituzu, baina baita ez lortzeko ere. Jokoak ametsa bat dira eta hurrengo urtean dira, baina igeriketarekin gozatzen jarraitu nahi dut, gehien bat. Eta baita igeriketak erakusten dizkidan gauza guztietaz eta ezagutu ditudan pertsona guztietaz ere.

«Ez daukat idolorik, baina Jessica Vall oso gustuko dut»

-Nor da zure kiroleko idoloa eta zergatik?

-Ez daukat idolorik, baina oso gustuko ditut Jessica Vall eta bere kirola hartzeko modua.

-Beste kiroleko kirolari bat?

-Beste kirolak ere gustuko ditut, baina ez daukat idolorik.

-Film edo telesail bat?

-'Antes de ti'.

-Gustuko duzun musika talde, abeslari edo abesti bat?

-Vendetta taldea eta Berri Txarrak-en 'Bueltzatzen' kanta.

-Liburu bat?

-Marina.

-Oporretara joateko leku bat?

-Londres oso gustuko dut eta Amsterdam ezagutu nahi dut.

-Lehiatu aurretik mania edo superstizioren bat?

-Bainujantzia eta betaurrekoak estutu eta urarekin bustitu.

-Janari plater bat?

-Lasagna.

-Lehiatzeko igerileku bat?

-Berlinekoa.

-Pertsonai historiko bat?

-Frida Kahlo.

-Hobby bat?

-Errutinatik ateratzea.

-Ezagutu nahiko zenukeen pertsona bat?

-Michael Phelps, agian.

-Zure kirol bizitzako poztasunik handiena?

-Batez ere, igeriketan ezagutu ditudan pertsona onak.

-Zure bertuterik onena eta akatsik nagusiena?

-Pertsona positiboa naiz, baina batzuetan gauzak gehiegi pentsatu gabe egiten ditut.

-Betetzeko amets edo desioa?

-Joko Paralinpikoetan parte hartzea, baina baita igeriketan gozatzen jarraitzea ere.

Temas

Euskera