Eskuz, palaz, zestaz...eta streaming-ez

Tambourmdeguy eta Irastorza Frantziaren izenean, eta Iñaki Osa eta Ibon Aldazabal Espainiarenean, brontzearen bila binakako zesta partidan, joan den ostiralean Bartzelonan./
Tambourmdeguy eta Irastorza Frantziaren izenean, eta Iñaki Osa eta Ibon Aldazabal Espainiarenean, brontzearen bila binakako zesta partidan, joan den ostiralean Bartzelonan.

Bukatu berri da Bartzelonan Munduko Pilota Txapelketa. Egunero, arratsero, gauero izan dira lepo Vall d'Hebroneko eta Bac de Rodako frontoiak. Streaming bitartez ikusi dituzte askok eta askok modalitate guztietako final erdiak eta finalak

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Lehenbiziko Euskal Pilotaren Nazioarteko Txapelketa joan den mendeko 1952an antolatu zen. Donostian. Bigarrena (1955ean) Uruguaiko Montevideon kokatu zuten. 1958koa, berriz, Miarritzen. 1962koa Iruñean. Gasteizen eta La Habanan lehiatu ziren urte batzuetan pilotariak. Paben ere. Eta Hossegorren. Azken-aurrekoak Mexikoko Zinacantepacen aritu ziren. 2014ean.

Lau modalitate handi izan dira lehian, jokoan eta ikusgai Katalunian oraingo honetan: eskuz, palaz, zesta puntaz aritu dira, eta Mexikotik indartsu datorren frontenisean ere bai. Espainiak, Frantziak, Kubak, Italiak hartu dute parte txapelketa honetan. Baita Mexikok ere. Eta Estatu Batuek. Gehi Argentinak, Boliviak, El Salvadorrek, Uruguaik, Peruk eta Brasilek.

Izan dira urrezko uneak. Asteazkenean, esaterako, txalo zaparrada izugarria jaso zuten Eric Irastorzak eta Patxi Tambourindeguyek estilo onez, sutsuz menderatu baitzituzten Aritz Erkiaga eta Jonathan Hernandez arerio prestuak. Zutik jarri zuten ere pilotalekua betetzen zuen ikusleria, zestaz ere, 11 aldiz munduko txapelduna izan den Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aldazabalek, birrindu baitzituzten Olharanen eta Etchetoren eraso eta defentsa guztiak.

Gomazko paletan eta frontenisen, berriz, Bartzelonak hasiera hasieratik izan zuen bere kuttuna, bere begikoa: bi urrezko dominen bila, guraz eta anbizioz etorria zen Mexikoko txapelduna, Arturo Rodriguez Faisal 'Turi'. Herrikideak dituen 'Chiquis'-ek eta 'Betillo'-k Argentinak modalitate bietan zituen amets eta asmoak zapuztu zituzten ziztu batean. Bi saiotan. Emaitza berdinarekin: 8-15.

Aldiz, Kubako gazteriaren aldizkaria den 'Juventud Rebelde' kexu, triste eta haserre agertu da egunotan pala motzean, larruzko paletan eta eskuzko partidetan lortutako emaitzak eskasak eta kaskarrak izan direlako. Are eta lotsa handiagoa, Guatemalak erraz gainditu zituen ere frontenisen.

Kariben triste, Kantauriko ertzean, berriz, alegrantzia. Ederki egin du joko larruzko paletan Anoetako Maider Mendizabalek, fin ibili da Hernaniko Amaia Iruzustabarrena eta lehiakide asko izutu egin du Maritxu Houssetek gomazkoaz, gure pilotalekuetan urteetan zehar sarri suertatu den legez, menderaezin ibili baita Vall d' Hebronen.

Bikain aritu da Maider Mendizabal anoetarra.
Bikain aritu da Maider Mendizabal anoetarra. / EFE

Makina bat jendek esan du beti euskal pilota kirol benetan ikusgarria dela. Harrigarria zale amorratuak direnentzat eta, duda izpirik ez,estreinakoz frontoi batean sartzen direnentzat. Har dezagun, froga, Emiliano Skufcak jokatutako partidek izan duten isla bertako eta kanpoko hedabideetan. Baita aplikazio digitaletan ere. Gehiago ere esan dezakegu: bitan munduko txapelduna larruzko paletan, har parte hartu duen partiduetarako sarreren birsalmenta legez kanpokoa antzeman dute antolatzaileek. Jatorria Eslovenian duen arren, Emiliano argentinarra da eta badira urte mordoxka Bartzelonan kokatu zela. Messirekin berarekin parekatzen dute futbol eta pilotazale frankok. Herabe oso, ez du konparazioa onartzen baina ez pentsa, biak dira paregabeak. Izan ere, Emilianok bere elkarren segidako hirugarren mundiala eskuratu du Katalunian aste honetan

1992ko Joko Olinpikoetan bultzada ikaragarria hartu zuen pilotak eta lau haizetara zabaldu zen. Oraingoan ere sekulakoa izan da oihartzuna. Usadiozko hedabideetan behin baino gehiagotan ireki ditu kirol albistegiak eta La Liga 4 Sports izeneko webean streaming-ez ikusi dituzte milaka ikuslek Vall d´Hebronen izan diren 160 partidak.

Bestalde, joan.etorriko kontua izan arren, berpiztu da Bartzelonan Gernikan eta Hondarribian behin baino gehiagotan entzundako ipuin ederra; Moto GP antolatzen duen Dorna izeneko enpresaren buru da Carmelo Ezpeleta. Gernikarra, zesta-punta jokalari ohia. Aspaldi komentatzen da bazterretan Nazioarteko Pilota Txapelketa serio, sendo, ikusgarria, zientoka babesle erakarriko lukeena antolatu asmotan eta desiretan dagoela.

Hala bedi. Pilotariak badira. Planetako lau kantoietan. Zaletuak ez dira falta. Ezta joko gurea, joko polita, joko garbia gogoz, animoso, harriduraz segitzen duten ikusleak ere. Aste honetan frogatu dute ederki asko. Non? Bartzelonan. Munduko (Euskal) Pilota Txapelketan. Frantziak irabazi duen txapelketa horretan.

Temas

Euskera