Basque Team Fundazioak 564.000 euro banatuko ditu 75 kirolari eta teknikariren artean

Basque Team Fundazioak 564.000 euro banatuko ditu 75 kirolari eta teknikariren artean
Basque Team

Laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikuak, teknikoak, trebakuntza zerbitzuak, irudi eta komunikazio zerbitzuak eta ikasketetan eta lanean hastean eskainitako laguntzak ere jasoko dituzte

DVDonostia

Basque Team Fundazioko batzorde betearazleak erabaki du 563.750 euro banatzea beketan goi mailako 66 kirolari eta 9 teknikariren artean. Fundazioak bekatutako kirolari kopurua orain arteko altuena izango da, urtero berritzen diren beka hauen bitartez inoiz ez baitira horrenbeste kirolari eta teknikari bekatu orain arte.

Banakako bekez gain, Basque Teamek 318.000 euro bideratuko ditu euskal kirol federazioek kudeatuko dituzten eta datozen hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan talentuen parte hartzea bultzatzea xede duten bikaintasun proiektuetara.

Basque Team Fundaziotik jakinarazi dutenez, goi mailako banakako bekak onartzeko edo ukatzeko aintzat hartzen dira aurreko denboraldian nazioarte mailako txapelketa, Europako eta Munduko txapelketa eta Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan kategoria absolutuan izandako emaitzak eta parte hartzeak, balorazio irizpide zorrotzak ezarrita.

Laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikuak, teknikoak, trebakuntza zerbitzuak, irudi eta komunikazio zerbitzuak eta ikasketetan eta lanean hastean eskainitako laguntzak ere jasoko dituzte bekadunek; aipaturiko azken zerbitzuan arreta berezia jartzen ari da Fundazioa 'Laneratzea' deitutako prozesuaren bitartez.

Halaber, genero berdintasuna bultzatzeko eta kirolariak gizartearentzat eredugarriak diren baloreen eramaileak izateko Basque Teamen apustuari dagokionez, bekatutako kirolariek ez dute adierazpen arrazista, xenofobo, matxista edo bereizkeriazkorik egingo emakumeei buruz eta, eskuarki, ez dute intolerantziazko adierazpenik egingo pertsona edo kolektibo jakinei buruz. Basque Team Fundazioak martxan jarri duen 'Baloreetan BAT' proiektuaren barruan kokatuta dago ekimena; proiektuaren bitartez, kirolaren balioak enpresaren esparruan eta hezkuntzan aplikatu eta zabaldu nahi ditu Basque Teamek.

Bederatzi teknikari

Modu honetan, 54 olinpiar kirolariez gain, 9 teknikarik ere Basque Teamen laguntza jasoko dute, eta beste 12 kirolarik enbaxadoreen taldea osatuko dute eta Basque Team balioak hedatuko dituzte 'Baloreetan BAT' proiektuaren barruan.

Hain zuzen, Basque Teamekin ibilbide luzea duten kirolariek bekatuta jarraitzen dute, besteak beste, Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Iñigo Peña piraguistak, Lucas Eguibar snowboardlaria, Jon Santacana eskiatzailea, Asier Garcia gurpil aulkiko saskibaloi jokalaria edota eta Amador Granados txirrindularia.

Aurtengo bekadun berriei dagokienez, Aritz Maestu izotz patinaje artistikoko kirolaria, Itsaso Munguira atleta, Leticia Canales eta Nadia Erostarbe surflariak, Lide Erbina errugbi jokalaria eta Mercedes Castellanos eskubaloi jokalaria dira.

Temas

Euskera