Borrar
Kantaurian zein Japoniako itsasoan, neskak arraun!

Kantaurian zein Japoniako itsasoan, neskak arraun!

Begoña del Teso

Donostia

Domingo, 13 de octubre 2024, 11:57

Izan berri dira Iruñean jardunaldi batzuk zeinetan emakumeek pilota munduan izan duten presentzia ikaragarri oparoa aztertu, gozatu eta ospatu den. Pilota euskal jokoak zaintzen, aldarrikatzen eta munduratzen dituen Napike elkarteak antolaturik, Calderería kalean izan zen Jai Alai frontoiaren eraikin berean, orain Kultura Zentro Zibikoa den horretan, eman dira ezagutzera bai datuak, bai zifrak, bai pasadizoak, bai lorpenak, bai joandako garaietako emakume haien inguruko kondairak eta errealitatea. Ahaztu gabe gaur egun emakumeak ederki asko eta arrakasta handiz aritzen direla pilotalekuetan. Izan dira pelikulak, izan dira solasaldiak, izan da jendetza egunotan. Izan da jendetza horren harridura zorionekoa.

Hori Nafarroan. Euskadiko hiriburuetan, berriz, pelikula bat, emakumezkoen estropadak argudio dituena. Dokumental ezin ederragorik, ezin azkarragorik, ezin erreibindikatzaileagorik, ezin zehatzagorik, ezin epikoagorik, ezin lirikoagorik ere 'Traineras, pasión por el remo' du izenburu eta kameraz eskarmentu handia duen Telmo Iragorri donostiarrak da egina.

Emakumeok arraunean izan dugun ibilbide kresaltsua azaltzen da bertan. Izan duguna eta izango duguna. Itsasoak eskaini ohi dituen irudi indartsu, sinesgaitz, sekulako, beldurgarri, liluragarriz lagundurik, Telmok eta bere lantalde paregabeak ezagutzera ematen dute Kantaurin barna lehiatzen diren Galiziako, Kantabriako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat arraun klubetako nesken esfortzu mugagabeak, atrebimendu konparaezinak, borroka amaigabeak, eta balentria sekulakoak.

A Coruñako Cabo de Cruz edo Pontevedrako Tirán elkarteetatik hasi eta Zumaiako, Getariako, Orioko, Tolosako, Errenteriako, Donostiako eta Hondarribiko klubetan jarraitzen du pelikulak, hainbat merezitutako garaipenarekin bukatzen denak.

Horra hor itsasoa horiz estaltzen dituzte balentak, horra hor Ama Guadalupeko traineruko arraunlariak. Horra hor denen gainetik txapelduna den Arraun Lagunak. Horra hor txanpetan zein ziabogetan ezin hobe jardun izan duen Donostiarra. Filmaren protagonista nagusiak, aipatu elkarte horietako guztietako patroiak, Nerea Pérez, Andrea Astudillo, Miren Garmendia… Baita aitzindariak izan zirenak ere. Historia urratu zutenak. Esaterako, gizonezkoen trainerua gidatu zuen emakume lehena, Izaro Estalayo, hain zuzen ere. Olatu gainean denbora nahikoa zeramala, beti patroi, debekatu egin zioten Kontxan a mutilak agintzen aritzea ez baitzen… mutila.

Traineruan doazen neska guztien bizipenak, alegrantziak, tristezia uneak. Porrota eta ospea, gorputzaren nekea, arimaren indarra. Trainerutik jaisten direneko bizitza egunerokoa. Neguko entrenamendu gogorrak, udako lehia basak… Egunotan da gurean filma.

Traineruan doazen neska guztien bizipenak, alegrantziak, tristezia uneak. Porrota eta ospea, gorputzaren nekea, arimaren indarra

Kasualitatez edo, datorren hilabeteko lehengo egunean, Halloween Gau Beltzatik bizirik atera garenok Japoniako 'Give It All' animaziozko filma ikusteko aukera izango dugu Victoria Eugenian, Beldurrezko Astearen azken egunean, hain zuzen ere.

'Give it All' (dena emanda, 'a full', topera) horrek Yoshiko Shikimura idazlearen nobela bat du inspirazio eta ardatz. Bertan, autoreak berak bere institutuko arraun klubean bizitakoa kontatzen da. Egia Kantauriko Atlantikoko neskek tostako arraunketan jarduten dutela eta Japoniako hondartzetan barna aritzen direnek aulki mugikorretan baina desirak, beldurrak eta esfortzua antzekoak dira.

Pelikula neska ikusle gazteak ditu helburu baina anime guztiek dituzten kolore biziak, erritmoa eta esentzia gordetzen ditu harro. Soinu bandan, planeta osoan miretsia den Boku ga Mitakatta Aozora taldearen abesti bat, 'Sorairo no Mizushibuki' = 'Zeruko kolorea duen ur zipriztinak'…

Kantaurin Japoniako itsasoan nola, neskak arraunean, neskak zeluloidezko pertsonaia urezkoak.

Beti Arraun! Eta Nafarroako frontoietan, zein pantailetan, sakean.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kantaurian zein Japoniako itsasoan, neskak arraun!