Futbola

Zarautz eta Danena, Euskal Kadete mailara

Zarautz taldea eta Danena Euskal Kadete Mailara igotzea lortu dute./
Zarautz taldea eta Danena Euskal Kadete Mailara igotzea lortu dute.

Bere multzoetan bigarren postuak bereganatu ondoren mailaz igotzea lortu dute bi talde hauek, tolosaldeakoak historian estreinakoz

IZASKUN SALGADO

Maiatza eta ekaineko hilabeteak ailegatzearekin bat, kirol askotako denboraldiek bukaerara jotzen dute. Hori gertatu zen adibidez, maia-tzean zehar, kadete mailako hainbat futbol ligekin. Amaiera hauekin talde batzuek poztasun handiko uneak bizi ohi dituzte, eta beste batzuek aldiz, tristura momentuak zoritxarrez.

Oso momentu politak bizi izan zituzten Zarautz eta Danenako Ohorezko Kadete Mailan jokatzen zuten mutilek, Euskal Kadete Mailara igotzea lortu zuten egunean. Bi taldeek beren multzoko bigarren postuak eskuratu zituzten, baina bai Realak eta bai Antiguokok maila gorenean taldeak edukitzeagatik zuten igoera ezintasunaz baliatu eta beraiek izan ziren maila igoerako partiduak jokatu ahal izan zituzten taldeak. Eta baita irabazi ere.

Zarauztarrak, lehenengo aukeran gora

Denboraldia arraro samar hasi zen Zarauztarrentzako, taldeko 6-7 gaztetxo Jubenilen Maila Nazionalean jokatzen baitzuten. «Talde polita genuela bagenekien, baina hainbeste mutil beste taldean edukita, oso zaila egiten zitzaigun ze maila eman genezakeen jakitea», aitortzen du taldeko Kirol Zuzendaria den Fermin Yeregik.

Horregatik, denboraldi hasieran finkatuta zuten helburuari buruz galdetuta, argi eta garbi azaltzen du Yeregik zeintzuk ziren klubaren ideiak. «Gure denboraldiko helburu nagusia ez zen mailaz igotzea lortzea. Ahalik eta postu gorenean egon nahi genuen, eta horretarako partidutik partidura joaten ginen, beste gauzetan pentsatu gabe», adierazten du; «ondo lehiatu nahi genuen, baina klubeko beste talde ba-tzuei, jubenilari adibidez, lehentasuna ematen diogu», dio.

Nahiz eta helburu nagusitzat ez eduki, liga bigarren postuan bukatu eta Danenaren aurka igotzeko aukera izan zuten Urola Kostakoek. Aukera eduki soilik ez, bai eta baliatu ere. Maiatzaren 11an Hernaniko Zubipe futbol zelaian jokatu zen norgehiagokan Zarauztarrak aise (4-1) nabarmendu ziren, eta klubaren historiako laugarren aldiz, Euskal Kadete Mailan arituko dira hurrengo urtean.

2019-2020 denboraldiari begira, argi dute zeintzuk diren helburuak, bai jokalari eta bai taldeko buruzagiek. «Ez gara erotu behar. Kadeteko lehenengo mailatik datozen jokalariekin ahalik eta gehien lehiatu nahi dugu, baina burua galdu gabe. Jokalari batzuk eskaini dizkigute, baina nahiago dugu etxeko jendea prestatu, esperientzia hartu dezaten. Gauzak espero diren moduan badoaz, normalena maila galtzea izango litzateke, baina guk ez dugu hasi baino lehen burua jaitsiko. Partidu guztietan zailtasunak jartzen saiatuko gara», azaltzen du Yeregik.

Danena, urtero historia idazten

Ezberdina izan zen Danenaren kasua. Zizurkildarrak, talde gaztea izanik, aurreko urtean lortu zuten estreinakoz Ohorezko Kadete Mailan talde bat edukitzea, orduan, beraiek ere bazekiten zein zen bere helburua: «Gure taldea maila mantentzeko egina zegoen, ez zegoen beste inolako ideiarik», adierazten du argi eta garbi klubeko lehendakariak, Josu Sarasolak.

Baina jende guztia harrituz, oso denboraldi hasiera polita egin zuten Danenako mutilek, talde erdia baino gehiago aurreko urtean Ohorezko Mailara igoera lortutakoak ziren. Hasieran amets bat bizitzen hari zirela uste zuten bai jokalari eta bai entrenatzaile eta klubeko kideek, baina denborak aurrera egin ahala eta partidak irabazten zituzten heinean, ia konturatu gabe, amets hori pixka bat argiago ikusten hasi ziren.

«Hasieran ez duzu ilusiorik egin nahi, ze azkenean ilusio geroz eta handiagoak dituzunean erortzeko kolpea ere handiagoa da. 3 jardunaldi falta zirenean ikusi genuen hor geundela, eta hor bai pentsatu genuela: 'norbaitek huts egiten badu...'». Pentsatu eta gertatu, Martutenek partida bat galdu zuen eta bi jardunaldiren faltan, zizurkildarrak bigarren postuan zeuden. «Biak irabazi behar genituen, eta hori egin genuen. Beste partida batzuk baino gehiago kostatu zitzaizkigun. Nik uste dut jokalariek presio hori antzematen zutela», aitortzen du Sarasolak.

Igoera lortzeko lehenengo aukera Zarautzen aurka izan zuten zizurkildarrek, baina partida ez zen batere ondo atera. «Oso partida gogorra izan zen guretzako, gu baino askoz hobeak izan ziren partida guztian zehar, gure taldea oso urduri hasi zen, oso goiz golak sartu zizkiguten eta atsedenaldira 3-0 joan ginen. Entrenatzaileak aldaketak egin zituen denek jokatzeko eta hurrengo liguillan pentsatzen jarri ginen».

Une txar txiki hori atzean utzi eta hurrengo aukerari begira jarri ziren tolosaldeako taldeko gazteak, buruan amets polit bat zutelarik: historiako lehenengo aldiz Danena taldea Euskal Kadete Mailara eramatea. Ilusio handia nabaritzen zen herrian, denek Gasteizen jokatu behar zuten liguillan pentsatzen zuten.

«Klub bezala, oso esperientzia polita izan zen, autobus pare bat eta kotxe mordoa joan ginen bertara, elkarteko jokalariak, familiak, herritarrak... gerturatu ziren. Bidaia ere oso polita izan zen, denak batera, amets berdinarekin, nahiko erantzukizunarekin baina konfian-tzarekin ikusi nituen bai jokalari eta baita entrenatzaileak ere, eta hori futbol zelaian ere ikusi zen», azaltzen du lehendakariak.

Lortutakoa sinetsi gabe oraindik

Partida oso onak burutu ondoren, herri osoaren ametsa egi bilakatu zen eta Danena Kirol Elkarteak Ohorezko Kadete Mailarako txartela lortu zuen. «Pozik geunden Ohorezko Kadetean lehiatzeagatik eta orain, ez dugu sinisten. Ez gara konturatzen zer egin dugun. Bueltako autobuseko bidaia oso polita izan zen. Seguruenik, bertan egon ginen guztiek gogoratuko dugu».

Hurrengo urtea guztiz berria izango da klub osoarentzat eta horretarako dena prestatzen hari dira bulegoetan. «Orain arte dena inguruan jolasten genuen, orduan, kotxez egiten genituen bidaiak, orain autobusean egin beharko ditugu, adibidez. Klubeko ahalik eta jende gehienarekin kontatu nahi dugu, baina baita ere kanpotik jokalariak ekarri beharko ditugu maila pixka bat igotzeko eta ahalik eta hoberen lehiatzeko partida guztietan hurrengo urtean», komentatzen digu ilusioz beterik, «pentsatzen duzunean gure zelai txikira Reala, Athletic edo Alaves bezalako talde handiak etorriko direla... ez duzu sinisten, orain dela gutxi pentsa ezina zen, baita gu bere zelaietara joka-tzera joatea ere».

Mailaz igotze horrek ezagutzera emango ditu bai Danena taldea eta bai Zizurkil herria bera ere. «Erakutsi nahi dugu herri txiki bateko klub batek nola horrelako maila altuetan leihatu ahal duen. Gure klubaren izena ez da herriarena, beraz nongoak garen jakiteko interneten begiratu beharko dute. Herria eta taldea mapan kokatzeko aukera izango dugu orduan eta horrek ilusio handia egiten digu. Ohore handia da», aitortzen du Sarasolak.

Jarraian bi igoera lortuta, ametsa bizi bizirik dago talde osoan eta oso nabaria da bai jokalarien eta bai buruzagien aurpegietan. Horrela jarrai dezala!