Deslokalizazioa

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Gauza jakina da azken urteotan futbolak sekulako dimentsioa hartu duela. Futbola da programazioaren jaun eta jabe, milaka eta milaka pertsonen aldartearen eta ordutegiaren erantzule. Telebisten ahalmenari esker, ia egunero dugu futbola, baita bisurtea ez den otsailaren 29 guztietan ere. Jokaldi bera hamar aldiz errepikatuta ikus dezakezu kirol albistegi batean. Zer esanik ez jokaldi polemikoa bada... Adituek fotogramaz fotograma aztertzen dute baloiaren metafisika, golaren futbolsofia, ostikadaren sublimazioa. Nagusitasun horrek albiste bitxi bat utzi digu azken asteotan. Izan ere, Espainiako Futboleko Federazioak estatutik kanpo eraman nahi du Superkopa, Saudi Arabiara ziurrenik. Proposamena ez da berria. Iaz, zaleen arteko istiluak zirela eta, Madrilen jokatu zen Amerikako Askatzaileen Kopako finala.

Langileen eguna denez, bitxia gertatzen da fabriken deslokalizazioa futbolaren mundura ere heltzea. Enpresariek eskulan ahalik eta merkeenaren bila jotzen dute, ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Deslokalizazioa prekaritatearen seinale izan ohi da. Ez dirudi, ordea, futbolaren kasuan horrela denik. Zenbaitetan erakusten duen aberastasuna pornografikoa izatera ere hel daiteke. Jokalari batzuen salmentagatik ordaintzen den dirutzarekin, herrialde askoren azpiegituraren zati handi bat ordain liteke. Orain, ordea, diruak pauso bat harago ematea erabaki du, eta deslokalizazio mota berri bat asmatu du. Zer izango da hurrena? Espainiako Liga Alemanian jokatzea? Txapeldunen Ligako finala Txinan jokatzea? Eta hori horrela bada, non ordainduko dituzte zergak jokalariek? Lehiaketaren jatorrizko herrialdean ala hura jokatzen den lekuan? Ez harritu hurrengo Errege Kopa paradisu fiskal batean jokatzen bada.