Ciclismo

ZUHAITZAK ETA BASOA

Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETAIRITZIA

Poztekoa da, benetan, Ion Izagirreren garaipen handia. Azken egunean eta hain eraso ederrari esker lortzeak are eta bikainagoa egiten du. Euskal Herriko Itzuliak biribildu du Ormaiztegikoak daraman ibilbide ederra. Hiru aldiz hirugarren bukatu ondoren, Giroan eta Tourrean etapak irabazi eta gero, beste jauzi horren bila zebilen astebeteko probetan duen trebetasuna baieztatzeko. Ihes egingo ziola zirudienean, danba. Erdi-erdian jo du.

Halere, gaztelaniazko esaerak zera dio. «Zuhaitzek ez dezatela basoa estali». Hau da, azterketa sakona egiteko ez dela komeni bakarrik zuhaitzari begira geratzea. Ikuspegi horretatik, gure txirrindularitzak badu kezkatzeko arrazoirik. World Tourreko taldeetan diharduten bederatzi euskal karreristak hartu dute parte Itzuli honetan. Gazteenak, Omar Frailek, 28 urte ditu. Ez da mutikoa. Zortzigarren denboraldia du aurtengoa profesional mailan.

Bederatzi txirrindulari horietatik sei 30 urtetik gorakoak dira: erretiratzear den Markel Irizar (39), Mikel Nieve (34), Víctor de la Parte (32), Jonathan Castroviejo (31), Gorka Izagirre (31) eta Ion Izagirre (30). Beste biek, Mikel Landak eta Pello Bilbaok, 29na dituzte. Iaz Haimar Zubeldiak esan zuen agur. Gehienak Euskaltelen egituratik igarotakoak dira eta euren kirol ibilbideko unerik aproposenean daude bat baino gehiago.

Baina zer dator atzetik? World Tourreko taldeetan, ezer gutxi. Euskadi-Murias, Caja Rural-RGA eta Euskadi Fundazioa ezinbestekoak dira lekukoa esku batzuetatik besteetara igarotzeko asmo horretan, baina profesional mailan hainbat urtez bizi izandako hutsuneak etena sortu zuen eta nabari da. Gazteak falta zaizkigu goi mailan eta behetik datozenen artean ez da Euskal Herriko Itzulia honetan inor bereizi.

Aurten afizionatu mailan bikain diharduen eta datorren denboraldian ziur aski Movistarren ariko den Iñigo Elosegik itxaropena sortu du gazte mailei jarraipena egiten dieten zaleengan. Hogei urte baino ez ditu. Ion Izagirre baino hamar urte gazteagoa da, beraz.

Hain egutegi zabala duen eta gaztez osatutako hainbeste talde dituen txirrindularitzak aurrera begiratu behar du. Atzean dituen erreferentzia galdu gabe, hori bai.