DV Kirolak

«Azkenean, edozein jokalariren ametsa da egoera honetan egotea»

«Azkenean, edozein jokalariren ametsa da egoera honetan egotea»

Eskubaloia Diego Viles donostiarra Espainia mailan gorenekoen artean kokatu da bai eskubaloian eta baita judoan ere bere emaitzarik hoberenak eskuratu eta gero

P.E.

Diego Viles Barrena (2005eko otsailaren 13a, Donostia) oso urte ona sinatzen ari da aurtengo 2019an. Alde batetik, Espainia mailako hirugarren postua lortu du judoan; eta bestetik, eskubaloian Espainiako selekzioaren parte izaten ari da. Eskubaloia Bidasoa Irunen egiten du, bi orduko hiru entrenamendu astean; judoan berriz, astean behin ordu t'erdiko saioak, baina Espainia mailan gorenekoen artean sartu arren, lehiatzeko asmorik ez du aurtengo 2019-2020 denboraldian judoan.

-Nola egiten duzu bi kiroletan entrenatu ahal izateko?

-Azkenean ez da batere erraza bi kirol batera egitea, eta eskubaloiko entrenamenduak hemendik aurrera gehiago izango direnez, hiru entrenamendu astean, judoan txapelketatik kanpo geldituko naiz aurten. Eskubaloia Bidasoa Irunen egiten dut eta bi orduko hiru lan saio dira astero; judoan berriz, astean behin ordu t'erdiko entrenamenduak ditut eta azkenean gehiegi da egunerokoan gustora egoteko.

-Zergatik jarraituko duzu eskubaloian eta ez judoan?

-Ba egia esan, nahiago ditut taldekako kirolak eta azkenean judoan entrenamendu gutxiago egiten ditudanez, ezinezkoa litzateke aurrerapauso handiak ematea entrenamendu gutxirekin. Hobetzeko asko entrenatu behar da eta txikitatik ona izan arren, emaitzak lortzeko entrenatzeko denbora gehiago behar nuen. Judoan 5 urterekin hasi nin-tzen; eskubaloian berriz, 10-11 urterekin. Badirudi txikitatik egiten dudan kirola utzi beharko dudala… baina azkenean taldekakoa gehiago gustatzen zaidalaz ohartu naiz.

-Judoan Espainiako hirugarrena aurten… nola bizi zenuen?

-Banekien zaila izango zela, baina ahalegin eta lan handiarekin lortu nuen Espainiako hiru hoberenen artean sartzea. Egia esan, momentu oso polita izan zen Valentzian bizi nuena, nire bizitzako kirol momenturik politena esango nuke.

-Eskubaloian orain ze momentutan zaude?

-Orain Espainiako selekzioarekin nago astebeteko kontzentrazio batean, zehazki Sierra Nevadako CAR-ean, Cadizen. Momentu oso politak bizitzen nabil eskubaloian azkeneko denboraldian, astebeteko kon-tzentrazio hauetan, lagun berri asko egiten ditut, entrenamendu luzeak… azkenean edozein jokalariren ametsa da egoera honetan egotea.

-Espainiako selekzioan egoteko maila handia behar da. Lehen aldiz joan zara? Lagun berriak ezagutzeko lekua bada ere?

-Bai, oso polita da beste leku eta taldeetako lagunak egitea, honi esker Espainia mailako txapelketetan parte hartzen dugunean taldeko kideekin berriz elkartzeko aukera daukagu eta. Beti izango ditut lagunak Espainiako txoko guztietan. Udan lehen kontzentrazio batean egon nintzen Espainiako selezioarekin, eta orain berriro jaso dut deialdi baterako gonbidapena.

-Espainiako maila nolakoa da Euskal Herrikoarekin alderatua?

-Ba gaur egun Espainiako selekzioan bi euskaldun gaude, azkenean Espainian maila ona dago baina Euskal Herrian ere, horregaitik ez da erraza egiten mailak alderatzea.

-Nola definituko zenuke zure burua kirolari bezala?

-Fisikoki pertsona handia naiz, eta ezkerra gainera, baina nire ustez hobekien egiten dudana defendatzea da. Judoari esker, kontaktu fisikoari inongo beldurrik ez diot, eta mina hartzeko zailatasun gehiago daukat. Bestalde, erasora joaterakoan beldurra edukitzen dut normalean, besteak hobeagoak direla pentsatuz, baina bueno, beldur horiek kendu eta hobetzeko denbora badaukat.

-Urteak joan urteak etorri hobe-tzen zoaz, entrenamendu motak ere aldatzen al dira?

-Azkenean, urteak aurrera doazen heinean entrenamenduak gogor-tzen joaten dira ere. Gaur egun nik astean behin entrenamendu fisikoa egiten dut. Egia da 14 urterekin gorputzak dagoeneko handiagoak direla eta kontaktu fisikoa handitzen joatean da, horregatik lan gehiago egiten dugu arlo honetan.

-Eta ikasketa arloan zer moduz moldatzen ari zara?

-Bueno, deialdi honetara joan aurretik bi azterketa izan nituen, baina bueltan berriro ikasketetan ardaztu beharra daukat. Azkenean ikasketak niretzat garrantzitsuak dira etorkizunari begira eta entrenamendu batetara joaterik ez badut, etxean geldituko naiz ikasten, horrekin ez daukat arazorik.

-Donostiako lagunak zer esaten dizute? Izan ere, denbora asko pasatzen duzu kirolean...

-Azkenean, astelehenetik ostiralera entrenamenduak direla eta lagunekin egoteko denbora gutxi dago, baina asteburuetan zehar badaude momentu libre batzuk eta lagunak elkartzen gara. Normalean, partidak kanpoan jokatzean denbora gutxiago dugu lagunekin egoteko, baina etxean joka-tzean badugu ez daukagu arazorik. Ikasi beharra dudan momentuetan lagunekin denbora gutxiago pasa-tzen dudala eta etxean ikasten gelditzen naizela ere esan behar dut.

-Eta familiak zer dio?

-Nire gurasoak oso pozik daude niregatik, baina beraien kezka nagusia ikasketak dira, nire etorkizunerako garrantzi handia duen zerbait dela badakite eta. Hala ere, beraiek asko animatzen didate kirolean eta niretzat oso garrantzitsua da beraien laguntza hori hor sentitzea. Esker-tzekoa da ikasketei ematen dieten garrantzia. Izan ere, momentu ba-tzuetan kirolariek ikasketak alde batera uzteko joera izaten dute, horregatik gurasoek paper handia dute arlo honetan, nik uste.

-Aurrera begira zer espero duzu?

-Egia esan, ikasketak eduki nahi ditut. Oraindik ez dakit zertan izango den baina oso argi daukat ikasketei garrantzia emango diedala nire etorkizunean. Bestalde, eskubaloian jarraitu nahiko nuke, profesionaletan zehazki, baina horretarako lan asko egin eta zorte puntu bat eduki behar da ere. Baina oraingoz uste dut bide ona egiten ari naizela, bai ikasketetan eta baita kirolean ere.

«Lagunekin billarrean jolastea oso gustuko dut»

Espainia mailan gorenekoen artean sartu den eskubaloi jokalaria da, egunero entrena-tzen ari da, judoan 5 urterekin hasi zen eta eskubaloian berriz, 10-11 urterekin, baina zer dago Diego Vilesen atzean? Zer du gustuko?

-Nor da zure kiroleko idoloa eta zergatik?

-Raul Entrerrios, jokalari bezala oso ona da eta.

-Beste kiroleko kirolari bat?

-Rafa Nadal.

-Film edo telesail bat?

-'El héroe de Berlín'.

-Liburu bat?

-'El corredor del laberinto'.

-Gustoko duzun musika talde bat?

-AC/DC.

-Oporretara joateko leku bat?

-Karibea.

-Lehiatu aurretik mania edo superstizioren bat?

-Bi eskumuturreko dauzkat, bat gorri argia eta bestea gorri ilunagoa, eta partidu garran-tzitsuetan gorri ilunagoarekin jokatzen dut.

-Janari plater bat?

-Haragizko edozer gauza.

-Hobby bat?

-Lagunekin billarrean jolastea oso gustuko dut.

-Zure kirol bizitzako poztasunik handiena?

-Aurtengo judoko Espainiako Txapelketan eskuratu nuen hirugarren postua.

-Betetzeko amets bat?

-Espainiako selekzioan jarrai-tzea heldua izatean.