Zortzi ahots txapel bila
Iruritan haistako bidea Iruñean amaituko da bihar
Iruritan hasi zen bidea larunbat honetan amaituko da. Bertsoa Nafarroan hedatzeko astean izan dira txapelketaren bidez saioak heldu izan ez ziren herrietara eramanda. Nerea Bruñok finaleko aurkezpenean kontatu zuenez 1.700 lagunek egin dute bat txapelketarekin, eta 2.000tik gora espero dira finalean. Orain, kantuan arituko diren zortzi bertsolarien izenak jakinda, zaleak gogotsu daude 2021ean Saioa Alkaizak jantzi zuen txapela zeini egokituko zaion. Aurreko astean Bertsozale Elkarteak aurreratu bezala, Alaitz Rekondo izango da aurten ardura izango duena.
Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza, Sarai Robles eta Xabat Illarregi ariko dira. Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan, aldiz, Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izango dira.15 izango dira bertso puntuagarriak: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian; buruz-burukoa. Bederatzi lan hauen ostean atsedena izango da eta, bueltan binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean geratuko zaizkie. Azkenik, ohi bezala, ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Zortzi bertsolarien artean, bi dira lehen aldiz final batean parte hartuko dutenak, Saats Karasatorre eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean arituak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkozek zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik, eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak.
Finalisten artean badira txapeldun izandakoak ere bai: Saioa Alkaiza da egungo txapelduna, orain bi urte, Anaitasunan bertan, irabazita. Julio Sotok, berriz, bost txapela ditu irabazita (2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an).