Zinpeko itzultzaile eta interprete lanetarako habilitazioa lortzeko probetarako deia egin du Jaurlaritzak

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen urteurreneko ekitaldia. /Sara Santos / DV
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen urteurreneko ekitaldia. / Sara Santos / DV

Eskabideak irailaren 26ra bitartean aurkez daitezke

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Eusko Jaurlaritzak deia egin du zinpeko itzultzaile eta interprete lanetarako habilitazioa lortzeko probetarako, irailaren 12an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) jaso denez. Jaurlaritzaren ardura izanik zinpeko itzultzaile eta interprete gisa lan egin ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, deialdiaren bitartez aukera ematen zaie interesatuei habilitazioa lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, deialdia honako hiru habilitazioetarako da: euskara-gaztelania/gaztelania-euskara, euskara-ingelesa/ingelesa-euskara eta euskara-frantsesa/frantsesa-euskara.

Horrela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zinpeko itzultzaile eta interprete lanetarako habilitazioa lortzeko probetarako deia egiten duten hiru ebazpen argitaratu dira, bat hizkuntza bakoitzerako.

Itzultzaile lanetarako habilitazioa lortu ahal izateko honako proba hauek gainditu behar dira: Zuzenbidea (erantzun anitzeko 50 galderak osatutako test moduko azterketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko administrazioko goi mailako kidegoari dagokiona); Euskara (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren C2 mailari dagokiona); eta Itzulpena (beste hizkuntzetatik euskarara eta euskaratik beste hizkuntzetara).

Zinpeko interprete lanetarako habilitazioaren kasuan, berriz, aurreko hiru probak gainditzeaz gain, interpretazioarena ere gainditu beharko da: gehienez ere 15 minutuko mintzaldi bi interpretatzea, beste hizkuntzetatik euskarara eta euskaratik beste hizkuntzetara. Aldibereko proba hau interpretazio kabinan egingo da eta grabatu egingo da.

Diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa, gradua edo baliokidea den beste tituluren bat izan behar da probetan parte hartzeko gutxienez. Eskabideak irailaren 26ra bitartean aurkez daitezke. Zenbait entitate pribatuk habilitazio hau eskatzen dute zinpeko itzulpenak egin ahal izateko.