Ostiralean lehenengo aldiz izan nintzen, ikusle artean, Zinemaldiko Inaugurazio Galan. Kursaaleko besaulkain jarri, eta nahigabean 2020 eta 2021. urtetan zuzendutako galen oroitzapenetara egin dut jauzi. Lan horietan nintzenean, banbalinetako burbuilan, aretoko girotik erabat off nintzen; backstage-an bazen nahiko lan. Ostiralean, aldiz, erabat on, gozateko gogoz nenegoen. Eta harridura eragin zidan aretoko giroak. Gonbidatuta joaten den jendeak eskubide gehiagoren jabe sentitzen omen du bere burua; berandu iritsi, zarata egin, eszenatokiko langile zein ikusleak molestatuz konzentrazioa eten... 'y tan pitxi!'.
Berandu iritsi zen horietako batek irentsi zuen nire arreta guztia. Galako nire izarra izan zen. Izan zitekeen zeraman poltsagatik, baina ez... Bere jarrera bihurtu zen protagonista, eta gaur Mikel Erentxuni entzundakoek erabat konektatu naute berekin berriz. Hasierako irrintziak algara eragin zion, joaldunek jada molestia... eta euskararen presentzia anekdota izatetik ardatz izatera igarotzen zihoan heinean, bere washapa sutan hasi zen. Indarrez sakatzen zuen, «honek ezin du horrela izan» esanez bezala, euskara agertzen zen bakoitzean ondokoari ukondokoak emanez... Momentu batean, «nahikoa da!» irten zitzaion arte.
Nahikoa da bai. Nahikoa da euskararen presentzia albiste izaten jarraitzea. Nahikoa da, euskaraz aritzeko kasik barkamena eskatu behar izatea. Zinemaldi honetan, japonieraz, ingelesez, errumanieraz, portugesez... eta beste hamaika hizkuntzatan jasoko ditugu filmak. Aberasgarria benetan. Norberaren hizkuntzan espresatuko dira sortzaileak, testuinguru unibertsal batean. Eta euskara berdin-berdin. Gurea da; gure sortzaile asko horrelaxe espresatzen dira, galan adibidez, testuinguru unibertsal batean jardunez. Horrela gertatu ahal izateko behar den bakarra baliabide tekniko irisgarriak dira. Eta orain, izan badirenez... ba listo! Eta ez dadila gehiago albiste izan. Hizkuntza gurea da, unibertsala da eta edonork ulertzeko modua badaukagu. Beraz, nire aurreko filako andere maitea, eta sakelekoa asaldatu didazun Erentxun maitea. Niri bai asko axola dit, eta oso garrantzitsua da!