Zinemagileak zinemagileekin, zinemagileez, zinemagileen aurrean, ondoan, atzean
38 euskal filmek hartuko dute parte Donostiako Zinemaldian. Inoiz baino gehiago. Inoiz baino sail gehiagotan. Inoiz baino formatu ezberdinagotan. Inoiz baino intentzio, amets eta era lehiakorrago batean
Gero eta dentsoagoa, trinkoagoa da pelikula horien guztien artean sortu den bilbea. Baita konjurazioa ere, hemen zuzendaria denak ekoizle lana egiten du hor eta orain kamera eskuan duen horrek aspaldia kamera tresna, arma, jostailu, akuilu izan zuen beste baten gainean egiten ditu berba eta irudi.
Elkartu, gurutzatu, korapilatu egiten dira izenak eta izenburuak Zinemaldiaren euskal programazioan. Ibilbide luzeko sortzaileak dira hainbat. Esaterako, saria jasoko duten Asier Altuna eta Telmo Esnal ( aintza eta aintza beti Etxebeste sendia handiari!). Esaterako, Koldo Almandoz (Zeru aho horietan ere, gora Sipo phantasma 23016koa, Biba eta biba beti Oreina).
Bide motza zapaldu dute beste hainbatek. Batzuk ez dira ez euskaldunak ez euskal hiritarroak baina gure gureak bailiren bezala onartzen ditugu. Urguiluz. Gustukoa baititugu bere lan eta moduak.
Bide motza. Oraingoz. Motza baina urre printzek estalia. Ezagutu genuen Tabakaleran Diego Céspedes. Bazen, artean, zinema ikaslea. Eta hemen, Nest saileko garaikurra eskuratu zuen igualik ez duen El verano del león eléctrico film laburrarekin. Irailean izango dugu Horizontes latinos sailean, Cannes osoa txunditu zuen La misteriosa mirada del flamenco-rekin. Lortu zuen la Croisetten Un Certain Regard saileko sari nagusia eta bada errealismo magiko ilunean murgiltzen den lan primerakoa, zeinak ekoizle afanetan izan dituen Ander Barinaga Rementeria eta Xabier Berzosa gureak.
38 film. Hemengo jendeak sortuak, hemengo zoro ausart hamaikak sostengatuak. Hemengoak ez izan arren hemen aterpe, kabi, gordeleku, paradisu, infernu, geldigune edo geldiune aurkitu duten beste zenbaitek amestuak. Zinegileak ez zirenak (Jesus Mari Lazkano pintorea, kasurako) atrebitu dira zinema erabiltzera, bidelagun onartu dute zeluloidea., ofizio eta eskarmentu handiagoa duten beste batzuen babesean. Lazkanok Bilboko Mendiko zinemaldian izan zitekeen Natura Fugit puska ederra asmatu, ziiriborratu du Dibulitoon Studioaren laguntzaz. Zergatik Bilboko Mendi Jaialdian? Chamonixen gaudelako Lazkanorenean, lautada, aldapa eta gailur elurtuetan…
38 euskal film. Denera. Laburrenetan ere, kategorixeko jendea beharrean. Lara Izagirreren El regalo-n nork eta Paula Olazek sortu du musika eta nor eta Izaskun Urkijo arduratu da arte zuzendaritzaz.
38 film. Sorian jaiotako Marta Medina gidoigileak eta 70 pelikula baino gehiago (haien artean Gente en sitios edo 28 semanasdespues) ekoitzi duen Enrique López Lavignek Ivan Zuluetaren espirituari hel egingo diote El último arrebato-n. Alta, Arrebato filma defendatzea egokia bada ere, askori gehiago erakartzen gaitu Bizkaiko Gaizka Urrestik Eloy de la Iglesia, adicto al cine horretan botatzen digun desafioak, El Pico edo Perros Callejeros egin zituen zuzendariarekin akordatzeko, baita barkamena eskatzeko ere esijituko digu pelikulak. Bere garaian ez genion bere zinemari behar zen arretaz ereparatu. Berandu da dagoeneko baina zine jaialdi batek horretarako ere balio du, zorrak kitatzeko.
38 film. Euskal zinemaren amarauna trinko, dentso, eder, periloso, konplexua erakutsiko dutenak. Euskal zinema, non denek denekin egiten duten dantza. Edo borroka. Edo apustu. Edo auzolan. Elkarri erronka, elkar lotuta.