Albanieraz, errumanieraz eta katalanez egindako hiru film, Glocal in Progress sailean

Pau Cruanyesek eta Gerard Vidalek sortu dute 'Les dues nits d'ahir / Yesterday's Two Nights'/
Pau Cruanyesek eta Gerard Vidalek sortu dute 'Les dues nits d'ahir / Yesterday's Two Nights'

Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenak nabarmentzea du helburu, hau da, alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta errusieraz filmatu ez direnak

DVDonostia

More Raça kosovotar zinemagilearen eta Pau Cruanyes eta Gerard Vidal katalan zuzendarien lehenengo lanak eta Andrei Gruzsniczki errumaniarraren film luze berria izango dira ikusgai Zinemaldiko Glocal in Progress sailean. Alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta errusieraz izan ezik, Europako beste edozein hizkuntzatan egin diren eta postprodukzioan dauden filmentzako Industria jarduera da Glocal in Progress.

Hiru filmak postprodukzio-fasean daude, eta ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio, lanak amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.

'Galaktika e Andromedës / Andromeda Galaxy' filmean, iraupen luzeko langabetu batek Kosovon bizi duen egoera zaila irudikatu du More Raçak (Kosovo, 1992). Raçak 2019ko Berlinale Talents programan parte hartu zuen. Zuzentzen duen lehenengo film luzea da hau; aurrez, hiru film labur egindakoa da.

'Emil', Andrei Gruzsniczkiren (Ploiesti, Errumania, 1962) filma, Errumaniako herrixka batean girotutako eta umore beltzez jositako dolu- eta mamu-istorioa da. Zuzendariaren film luzeek hainbat sari irabazi dituzte jadanik, besteak beste, Transilvaniako eta Erromako zinema-jaialdietan eta Errumaniako Zinema Akademiaren sarietan.

Pau Cruanyesek (Bartzelona, 1995) eta Gerard Vidalek (Bartzelona, 1995) beren lehenengo lan luzea sortu dute, 'Les dues nits d'ahir / Yesterday's Two Nights'. Elkarrekin zuzendu zuten 'Celebración' film laburra ere, Sitgeseko zinema-jaialdian zuzendari berrientzako SGAEren saria irabazi zuena.

Aurreko bi edizioetan aurkeztutako sei filmetatik, hiru sartu dira Zinemaldiko sailen aukeran: 2018an, 'Dantza' Sail Ofizialaren Emanaldi Berezietan izan zen eta 'Un om la locul lui / A Decent Man', berriz, New Directors sailean; aurten, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria irabazteko lehian ikusiko dugu Ignas Jonynas zuzendariaren 'Nematoma', 2018ko Glocal in Progress jarduerako sariduna.

Glocal in Progress irailaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, Zinema Eraikitzen 36 eta Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroa ekimenekin batera. Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenak nabarmentzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Glocal Cinema abiarazi zuen 2014an, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmak ekoizten dituzten zinematografien artean sareak sustatzeko asmoz, eta, hain zuzen, Jaurlaritzak orduan martxan jarritako lana osatzera dator Glocal in Progress.

Glocal in Progressen hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria jasotzeko aukera izango dute. Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzte, Glocal in Progress Industria Sariaren oinarrietan azaltzen den bezala.

Temas

Euskera