Zinebik 33 film laburren zikloa eskainiko du Estatuko Filmotekan

Besteak beste, 'Negative space' izango da ikusgai/
Besteak beste, 'Negative space' izango da ikusgai

Mundu osoko nazioarteko zinemaldietan sariak lortu dituzten lanekin osatuko da aukeraketa

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak lehiaketatik igaro diren 33 film laburren aukeraketa bat aurkeztuko du azaroaren amaierara arte Espainiako Filmotekan. Sei saio antolatuko dira eta lehena ostiral honetan izango da, irailaren 7an, Vanesa Fernández Zinebiko zuzendariak aurkeztuta. Emanaldi guztiak Madrilgo Doré zinema aretoan izango dira, Espainiako Filmotekaren egoitzan, hain zuzen.

Jaialdi bilbotarreko arduradunek adierazi dutenez, zikloa Espainiako Filmotekak proposatuta sortu da, eta Zinebiko zuzendaritzarekin koordinatu da, Carlos Reviriego Espainiako Filmotekako programazio zuzendariarekin batera. Zehazki, azaroaren 29ra arte, Zinebi 59ko sail ofizialean parte hartu zuten 33 film labur eskainiko dira.

Animaziozko Film Labur Onenaren Oscar sarietarako izendapena jaso eta Zinebi 59ko Sari Nagusia lortu zuen Max Porter eta Ru Kuwahata-ren 'Negative Space' nabarmentzen da aukeraturiko filmen artean. Urriaren 16ko saioan ikusi ahal izango da.

Halaber, sari ugari jaso dituen Julia Maura eta Mariangela Pulcinoren ' Galatée a l'infini' film laburra ere ikusi ahal izango da. Lan horren munduko estreinaldia Zinebi 59n izan zen, eta Nazioarteko Dokumental Onenaren Urrezko Mikeldia eta Espainiako Film Labur Onenaren Mikeldia jaso zituen.

Gainera, Zinebiko azken edizioko Ikus-entzuleen Saria irabazi zuen film laburra ere programatu da, Dane Komljen-en 'Phantasiesätze', baita Euskal Zinearen Saria lortu zuen Atxurra Animazio Taldearen 'Areka' talde lana ere.

Programatutako sei saioen artean, urriaren 26koa Euskadiko eta Espainiako film laburrei eskainiko zaie, eta bi euskal ekoizpen izango dira: 'Areka' animaziozko film laburra eta Koldo Almandozen 'Plágan'. Mundu osoko nazioarteko zinemaldietan sariak lortu dituzten lanekin osatuko da aukeraketa, horien artean, Nele Wohlatz, Joao Salaviza, Ico Costa, Ghasideh Golmakani, Pia Borg, Ben Rivers edo Shunsaku Hayashi zuzendarien hainbat filmekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos