Zientzia fikzioaren omenez

Donostiako Kubo-Kutxa aretoak 2009an eskaini zion atzera begirakoa/Usoz
Donostiako Kubo-Kutxa aretoak 2009an eskaini zion atzera begirakoa / Usoz

Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, urriaren 26tik azaroaren 10a bitarte, zientzia fikzioa eraldatu zuen HR Giger disenatzailearen omenezko erakusketa izango da ikusgai

DVDonostia

'Creators of Legends – HR Gigerri omenaldia' erakusketa ikusgai izango da Donostiako Beldurrezko Astean zehar. Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, urriaren 26tik azaroaren 10a bitarte, zientzia fikzioa eraldatu zuen disenatzailearen omenezko erakusketa izango da ikusgai. Carlos Arenas eta César Oropeza dira komisarioak.

Hans Rudolf Ruedi Giger suitzar margolari, eskultore eta barnealde diseinatzaile surrealista da. Alien filma ospetsuan burututako lanarengatik efektu berezien Oscar Saria irabazi zuen.

Goitik behera aldatu zuen bere diseinuekin zientzia fikzioaren eta beldurrezko zinemaren looka, Alien (1979) pelikulan izan zuen kolaborazioan. Gainera, Donostiako Kubo-Kutxa aretoak 2009an eskaini zion atzera begirako handi hartan ikusi ahal izan zenez, Alien baino askoz ere zabalagoa da bere lana, arlo desberdinak biltzen baititu: pintura, eskultura, marrazkia, eta altzarien eta arkitekturen diseinua.

Gigerrek sormenezko unibertso ikusgarria garatu zuen, munstro biomekanikoez, jainkosa satanikoez eta paisaia gotikoez jositako imajinario baten bitartez.

HR Gigerri omenaldia egiteko talde-erakusketa izango da orain ikusgai. hainbat herrialdetako artistak bilduko ditu: Mexiko, Estatu Batuak, Australia, Espainia, Frantzia, Polonia eta Alemaniakoak, hain zuzen. Haiek HR Gigerren obran inspiratuta garatzen dituzte beren sorkuntzak pinturaren, eskulturaren, marrazkiaren eta argazkilaritzaren arloetan.

Nazioarteko erakusketa bat da, ibiltaria, eta lehen aldiz izango da gurean, Mexikoko, Suitzako eta Alemaniako hainbat hiritan egon ondoren. 2019an, hain zuzen, Alienen 40. urteurrena dela eta, instalazio artistiko bat gehitu zaio, 'Orioneko bestiarioa' izenekoa.

Temas

Euskera