«Zaila da itzulpena beste hizkuntzetatik gurera, baina askoz zailagoa da euskaratik beste hizkuntzetara»

Itzulpengintzan duen esperientziaren inguruan hitz egin du asteasuarrak/Euskaltzaindia
Itzulpengintzan duen esperientziaren inguruan hitz egin du asteasuarrak / Euskaltzaindia

Euskaltzaindiaren idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpenaren inguruko nazioarteko literatura jardunaldia zabaldu du Bernardo Atxagak. Aurelia Arkotxa jardunaldiaren arduradunak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ere hartu dute hitza

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpenaren inguruko nazioarteko literatura jardunaldia hasi du Euskaltzaindiak ostegun honetan, maiatzak 16, akademiaren Bilboko egoitzan. Ekitaldiaren xedea «literatura, sarritan zentzuz hustua edo banalizatua den hitz hori» zentzuz betetzea dela nabarmendu du Aurelia Arkotxa euskaltzainak, betiere «idazle eleaniztunaren ikuspegitik».

Koldo Narbaizak (Bilboko Udala), Ana de Castrok (Bizkaiko Foru Aldundia), Miren Dobaranek (Eusko Jaurlaritza), Aurelia Arkotxa jardunaldiaren arduradunak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak eman diote hasiera ekitaldiari.

Gainera, Bernardo Atxagak ere parte hartu du jardunaldian, eta metafora batetik abiatu du hitzaldia idazle eta euskaltzainak: «Itzulpenaz zein eskuizkribuez gogoeta bati ekiteko, izarrak hartu behar dira aurrena gogoan». Hizkuntzak mapa astronomikoarekin alderatuz, «ingelesa eguzki, gaztelania edota frantsesa planeta, katalana ilargiaren tamainako satelite» lirateke, eta euskara, berriz, «asteroide«, Atxagaren aburuz, alegia, »zentrotik oso urrun dagoen hizkuntza«. Unibertso horretan duen posiziotik beraz, »berezkoa ez duen funtzioa ematen zaio itzulpenari«.

Bernardo Atxaga bere eskarmentutik mintzatu da eta ondorio argi bat azaldu du: «Zaila da itzulpena beste hizkuntzetatik gure asteroidera, baina konparazioan erraza; askoz zailagoa da euskaratik beste hizkuntzetara». Haren ustez, zein unibertsotan gauden kontuan hartzen ez bada, eta zailtasun horri ez bazaio bere neurrian heltzen, «benetan ez dugu etorkizunik». Horrezaz gain, asteasuarrak aitortu du sarritan euskaldun izatea «lan gehigarria« dela.

Idazle eleaniztunen zirriborroak

Olga Anokhina Parisko CNRS-ITEM institutuko hizkuntzalaria eta Patrick Hersant itzultzaile eta irakasleak idazle eleaniztunen zirriborroak ikertzearen garrantziaz mintzatu dira, besteak beste, sormen-prozesuaren arrastoak eta idazketaren estrategiak ulertzen laguntzen dutelako zirriborroek.

Anokhinak azaldu duenez, «idazle eleaniztunak bere pluraltasun linguistiko eta kulturalaren adierazpena bilatzen du beti«, batzuetan, hizkuntzen arrastoa testuan gordez; beste batzuetan, aldiz, hizkuntza batetik bestera iraganez edo auto-itzulpenaren bidez, eta hainbatetan, inspirazioa beste hizkuntzatan bilatuz.

Azpimarragarriak izan dira, halaber, 'Euskara eta itzulpen literarioak eremu garaikidean' atalean, Mari Jose Olaziregi euskaltzain urgazle eta EHUko irakaslearen hitzak eta adibideak. Olaziregik giltzarritzat jo du eleaniztasuna, «sorkuntzan, banaketan eta harreran».

Temas

Euskera