Zabalik da Lekeitioko 42. Euskal Zine Bilerara lanak aurkezteko epea

Iaz Urrezko Antzarra jaso zuen Pello Gutierrezen 'Zain' filmaren irudia./
Iaz Urrezko Antzarra jaso zuen Pello Gutierrezen 'Zain' filmaren irudia.

20 hautatuko dituzte azaroaren 23tik 30era bitartean egingo den Bileran lehiatzeko

Lekeitioko 42. Euskal Zine Bilerara lanak aurkezteko epea ireki dute irailaren 30era bitartean. Aurkezten diren filmen artean 20 hautatuko dituzte lehiaketan parte hartzeko eta, egindako lana eskertzeko, egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako aukeratuak izanagatik. 42. Euskal Zine Bilera azaroaren 23tik 30era ospatuko da, eta oinarriak Bilerako webgunean daude eskuragarri.

Arduradunek adierazi dutenez, iaz 41 urte bete zituen Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zine bileraren Lekeitioko jaialdiak. «Berrikuntzaz betetako urte horretan, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten zuten zine bileran, jaialdiaren norabidea mantenduz, baina bere zutabeak berriztuz. Aurten, iazko proiektua sendotzeko bideak hartuko dira, euskal zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz», azaldu dute.

Horrela, azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko den Euskal Zine Bilerarekin batera, urte osoan zehar antolatzen diren ekimenak daude, «jaialdiaz gain, euskarazko ikus-entzunezkoen markoa urtean zehar hedatuz».

Iazko formatua mantenduz, aurten ere lehiaketa bateratua izango da, hau da, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak. Horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira, eta ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira: Zuzendaritza onena, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra; Gidoi onena, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra; Film onena, 1.900 euro eta Urrezko Antzarra; Ikusleen saria, 750 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Temas

Euskera