'Youtubeskolak' egitasmoa aurkeztu dute Bizkaian

'Youtubeskolak' egitasmoa aurkeztu dute Bizkaian
Fotolia / AdobeStock

Youtube webguneari buruzko ikastaroak antolatuko dira Zalla, Derio, Durango, Zornotza eta Basaurin urria eta azaroan zehar; Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko edozeinek parte hartu dezake

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak Youtubeskolak izeneko egitasmoa antolatuko dute urrian lurraldeko bost udalerritan. Youtube bideoen webgunerari buruzko ikastaroak izango dira, eta Zalla, Derio, Durango, Zornotza eta Basaurin egingo dira, Durango, Zornotzako eta Basauriko udalekin eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan.

Azkue Fundazioko iturriek jakitera eman dutenez, ikastaroekin batera, Youtube bidezko lehiaketa bat jarriko dute martxan urrian eta azaroan egitasmoaren baitan, Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Yotubeskolak ekimena irailaren 13an aurkeztu dute Euskararen Etxean, Bilbon, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak eta Iban Garcia eta Ane Atxutegi Youtuber gazteek (biek ala biek proiektua sustatzeko abiatutako kanpainan parte hartuko dute).

Youtuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da Youtubeskolak. Izan ere, egitasmoaren arduradunen arabera, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat.

Ekimenean parte hartuko dutenek aukera izango dute Youtuben bideoak sortzeko, editatzeko, ekoizteko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dutenentzat, hala nola Youtuben kontu bat sortzeko urratsak, izena ematea Youtubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea edota bisualizazio gehiago izateko estrategiak.

Lehiaketa

Halaber, Youtubeskolak proiektuaren baitan, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskaraz. Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute lehiaketan. Horretarako, parte hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egingo dute, eta objektu eta esaldi batekin osatuko dute: adibidez, objektua egurrezko koilara bat, eta esaldia «aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!».

Sariak hauek izango dira: 13-14 urtekoentzako sari nagusia eta 15-16 urtekoentzako sari nagusia. Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onenarentzako ere saria izango da. Bi irabazle nagusiek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta Youtuber Bizkaitar onenak, berriz, GoPro Hero 7 Black kamera bat. Irabazleak jai batean iragarriko dira eta sari banaketa ere bertan egingo da; festa azaroaren 30ean egingo da, Bilbon dagoen Euskararen Etxean.