Windswept plataforma-abentura, euskaraz PCrako zein kontsoletarako
Ibai Oihangurenek itzuli du «Donkey Kong Country klasikoen oinordekoa» izan nahi duen jokoa
Ez da gutxitan entzuten euskararen epe laburreko esparru garrantzitsuenetako bat online mundua edo mundu birtuala dela. Horren jakitun eta euren gustuko denbora-pasak euskaraz izateko helburuarekin bada denbora bat Game Erauntsia bezalako elkarteak lan eskerga egin dutena. Maiz, ohikoa izaten den bezala, denbora librean eta musu-truk. Ekarpenen zerrendara batu du Ibai Oihangurenek Windswept plataforma-abentura, PCrako zein kontsoletarako WeatherFell taldearen lana eta Lander Unzuetak jaso bezala «Donkey Kong Country klasikoen oinordekoa» izango dena.
90eko hamarkadako plataforma jokoak omentzera eta beren mekanikak fintzera datorren lana da WeatherFellena: zehazki, Donkey Kong Country klasikoen ezaugarriak bereganatu ditu. Game Erauntsiaren Telegram taldean jakinarazi du itzulpenaren arduradunak berak.
Moker ahatea eta Oskol dortoka izango dira gure protagonistak: 40 maila gainditu beharko ditugu bikotearekin batera, denetariko oztopoei aurre eginez. Aurkezpen ederra eta koloretsua badu ere, abentura zaila dela nabarmentzen dute egileek, «berriz saiatzea ohikoa» zen garaietara itzuliko garela azpimarratuz.
Bikotea osatzen duten heroiek berezko abileziak edukiko dituzte: adibidez, Mokerrekin epe laburrez planea dezakegu, eta, Oskol dortokak urrutira iristeko aukera dauka, oskoletik tiro eginez. Mekanika guztiak lehenengo mailan erakutsiko omen dizkigute; hortik aurrera, jokalarien esku dago ikasitakoaz baliatzea protagonistak etxeraino eraman ahal izateko. Zorionez, multijokalari kooperatiboarekin adiskide baten laguntza jaso dezakegu desafioak gainditzeko.