Wes&Jumal, zein baino zein

Wes Anderson eta Juman Malouf, Vienako Kunsthistorisches Museum-en./© KHM-Museumsverband
Wes Anderson eta Juman Malouf, Vienako Kunsthistorisches Museum-en. / © KHM-Museumsverband

'Grand Budapest Hotel' edo 'Isle of Dogs' filmeen autorea den Wes Anderson zinemagile bikainak parekorik ez duen erakusketa ireki berri du Vienan. Izenburua ere, markaz kanpokoa: 'Spitzmaus Mummy in a Coffin and Other Treasures'

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Spitzmaus hitzak satitsu esan nahi du alemanez. Satitsua, saguaren antza duen satorren familiako animalia ttipia. Inork ez daki zer egiten duen gure munduan. Antza, Naturak ez dio eman inolako erantzukizunik bizitzan. Horrexegatik, hainbat hizkuntzatan, izarrei begira egoteari satitsuekin pentsatzen egotea esaten zaio.

Mummy (momia) du izena 'Fantastic Mr Fox' filmatu zuen zuzendariak zerraldo ederrean sartu duen satitsuaren irudiak. Satitsuak ematen dio izenburua Vienan apirilaren 28a arte ikusgai den erakusketa miragarri horri. Izenburuak ere argi eta garbi azaltzen du Kunsthistorisches Museum-era doanak beste altxor hainbat (and other treasures) aurkituko duela.

Erakusketa horren zutabe, abiapuntu, inspirazio edo ardatz, joandako mendeetan modan izan ziren Wunderkammer–ak dira. Wunderkammer hitzak zera esan nahi du, alemanez oraingoan ere: gauza harrigarrien gela, mirarien kabinetea.

Munduko zenbait lur/itsaso/oihan/uharte/aintzira/basamortu/glaziar/kobazulo esploratu gabeak ziren garaietan, elefanteak zein jirafak, eskimalak zein jibaroak izaki miragarriak ziren aroetan; artista handiek marrazturiko mapetan segun eta nora begira 'Lur ezezaguna' leloa irakurtzen zen mende horietan, Europako hamaika goi-mailako gizartetako kide asko objektu miresgarrien bildumak egiten hasi ziren.

Garai haietan altxorrek ez zuten inolako lege-babesik, ezta herrialde berriek euren eskubideen berri ere. Ondorioz, majo pagatuz gero, etxera eraman zenezakeen Egiptoko apaiz baten lepoko urrezkoa, edo enperatriz baten busto lapis lazulizkoa.

Bitxi horiekin, objektu exotiko, arrotz horiekin asmatzen, gauzatzen, betetzen ziren zur noblezko eta kristalezko kabinete horiek, wunderkammer horiek, mirarien gela horiek.

Ideia horri, amets horri, ipuin antzeko horri heldu izan dio 'Moonrise Kingdom' filmaren egileak KHMko bere erakusketarako. 400 arte-mirari bildu ditu bertako komisarioen laguntzaz. 400 objektu bitxi, eder, apartak. Museokoak hainbat. Beste lekuetako besteak. Bere etxean maite maite gordeta dituenak hamaika gehiago. Horiek guztiek Wes Andersonek pelikulaz pelikula sortu duen unibertsoarekin, iruditeriarekin lotura handia dutenak.

Komisarioen laguntza izan du Wesek, bai. Baita bikotekide duen Juman Malouf emakume fin eta artista markaz kanpokoaren konplizitate egundokoa ere. Egia esanda, Beiruten jaiotako sortzaile hori gabe, aipatu dugun Andersonen imajinarioa ez litzateke berbera izango. Beiruteko irudigile bikain honen ez amonak ez birramonak ez zekiten ez idazten, ez irakurtzen. Beraz, oroipen guztiak eurek eginiko marrazkietan gordetzen zituzten. Horixe haiengandik jasotako herentzia. Jumanek bere burua, txikitan, eskutan beti arkatza zuela gogoratzen du.

Gerrak familia uxatu zuen Libanotik. Londresen hartu zuten aterpe. Saudi Arabiara ere jo zuten. Berriro bueltan Ingalaterrara. Nerabe, Jumanek Estatu Batuetarako bidea hartu zuen. Neurozientzia ikasteko asmoa izan arren, Arte Ederretan eman zuen izena New Yorken. Egun, ilustratzaile berdingabea da baina horretaz gain, antzerkirako, zinemarako, operako jantzi diseinatzaile bihurtu zen. Are gehiago, komentatu duguna: marrazkiz, objetuz, irudimenaz zaleek horren ondo ezagutzen duten Wes Andersonen zeluloidezko mundua, begirazo batez, dardarizo batez antzematen dugun hori, sortzen lagundu du, dio,

Ospe handiko (g)izaki magikoa da Juman Malouf. 2015 ean argitaratu zuen bere 'The Trilogy of Two' liburua izendatu zuen Time aldizkariak urteko hoberenetarikoa. Arrazoi osoz, Charles Dickensen nobelak burura eta begietara ekartzen dituzten zuri beltzezko marrazkien bitartez, anai-arreba umezurtz biren istorio harrigarria kontatzen du bertan Maloufek. Hemenetxe booktrailerra, Yumanek berak irakurria.

Jumanek Instagramen daukan kontuan milaka lagun sartzen dira momenturo. Zergatik? Berezko pertsonaia sortu duelako. Arreta handiz. Misterio osoz. Arau guztietatik at. Gustu arraroa du, bai, orrazkera, jantzi eta moda osagarrietan. Baina hain ausarta da aukeran... Hain basa, hain libre… Diotenez, unibertsitateko graduaziora Vivienne Westwooden gerruntze batez joan zen. Bavierako jaka tradizionalak ditu gogoko eta Hollywoodeko festetan, Dries Van Noten aitorren seme belgikarrak sortutako soineko luxuzkoekin nahasten ditu. Gucci etxe fama handikoaren diseinatzaile buru den Alessandro Michelek musatzat hartu zuen aspaldian, eta Vogue aldizkaria behin eta berriro jartzen da belauniko janzteko dituen modu, era, tankera, eite viktoriarraren aurrean.

Baina ez ahaztu, inoiz ez, Juman badela fashion victim bat baino askoxez gehiago. Parekoa da Wesek eta Jumanek mundu honetakoak ez diruditen munduak sortzeko duten abilezia. Andersonen film guztien testura berezi hori sortu du Maloufek. Baita beste jende interesgarriarekin lan egin ere. Esaterako, beldurrik gabeko ekoizlea den Maya Forbesenekin.

Mundu honetakoak ez diruditen mundu horien edertasun mugaz kanpokoaren froga eta isla Vienan den erakusketa duzue. Geroxeago, iraila aldera, Zinema Mostraren garaian alegia, Venezian Prada Fundazioak duen egoitzan ikusgai izango da. Portzelana bitxiak, New Yorkeko etxean dituzten Egiptoko, Greziako eta euren unibertsoko piezak, existitu ez ziren garaietako oroigarriak… Wesen zinema eta Jumanen irudimena gogoko badituzue, baina ezin baduzue Austriara edo Veneziara arrimatu, katalogo ederra salgai dago sarean. Baita Spitzmaus Mummyren zerraldoaren erreplika. 300 euroren truke.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos