San Virala bezala

Karlos Linazasoro
KARLOS LINAZASORO

Plutarkok idatzi zuenez, Epimenides filosofo kretarrak berrogeita hamar urte pasa zituen jarraian lotan. Askotxo dira, egia esan behar bada, baina San Virilak, Leireko monasterioan bizi zen monje batek, hirurehun pasa zituen. Eguerdi eder batez basora irten, txorien kantuekin estasiak jota gelditu, eta ez zen hiru mende geroago arte esnatu. Egun batez, baso hori bisitatzera joan nintzen Leirera. Santua ere agurtu nuen, ongi gogoan dut. Bazkalondoren, monasteriotik hurbil dagoen pagadi batean etzan, eta ordutan egin nuen lo, ez nuke zenbat denboraz zehazten jakingo. Uda osoa bai, hori seguru, esnatu nintzenerako arbolak biluzi baitzeuden, hostorik gabe. Kezkaturik itzuli nintzen etxera, erabat durduzatua. Etxeko txirrina jo nuen, urduri baino urduriago. Emazteak apenas ezagutu ninduen. Beste gizon batekin ezkondua zegoen ordurako eta ea nor nintzen galdetu zidan. &ldquoKarlos naiz, zure senar maitea&rdquo, erantzun nion, isil-isilik. &ldquoEzin liteke, nire senarra duela hogeita hamasei urte desagertu zen&rdquo, erantzun zidan berak, begiak arranpalo. Ez dakit. Erlojuari begiradatxo bat eman nion, ispilu bat eskatu nuen. Bertan islatu zen neure aurpegia: zahartu xamarra nengoen, egia. Zuri-zuri neuzkan bekainak, urdin-urdin neukan bizar sarri distiratsua. Zer gertatu zitzaidan azaldu nahi izan nuen, neuri ere, San Virilari bezalaxe... Baina segituan jabetu nintzen alferreko lana zela, jada ez zegoela zer eginik. Poliki-poliki buelta erdi eman, eta betiko galdu nintzen.