102 urterekin zendu da Maritxu Urreta itzultzaile eta ilustratzailea

1998ko argazkian, Juan San Martin eta Luis Villasanterekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundian EIZIEko ohorezko kide izendatu zutenean. /LUSA
1998ko argazkian, Juan San Martin eta Luis Villasanterekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundian EIZIEko ohorezko kide izendatu zutenean. / LUSA

Arlo askotan hartu zion aurrea bizitzea tokatu zitzaion garaiari 1997an EIZIEk ohorezko kide izendatu zuen donostiarrak

N. AZURMENDI

Etxean itzali da 102 urterekin, gorputza ahituta baina burua argi, Maritxu Urreta Zulaika, bizitzea tokatu zitzaion garaiari hainbat arlotan aurrea hartu zion ilustratzaile eta itzultzaile donostiarra, iragan mendeko 60ko hamarkadan zenbait lan argitaratutakoa. Euskaltzaletasunak, abertzaletasunak eta kulturarekiko kezkak garrantzi handia zuen familian jaio zen, lau anai-arrebatan zaharrena, 1915ean, I. Mundu Gerrari hurbiletik begiratzen zion hedapen beteko Donostian hartan. Gipuzkoako zaindariaren biharamunean jaio izanagatik, Arantzazu izena jarri zioten aita Miguel Urreta eta ama Maria Zulaikak, baina Maritxu izan da beti, nahiz eta lanen bat ponte-izenarekin sinatu zioten.

Umetan hasi zen bizi osorako izango zituen zaletasunak lantzen: mendia, kirola, hizkuntzak, marrazkigintza, argazkilaritza... Frantsesa eta ingelesa aurrena, alemana eta italiera gero -«hizkuntza horietan idatzitako liburuak jatorrizko bertsioan irakurri ahal izateko», zioen eta, euskara, jakina. Etxeko hizkuntza zuen, baina bere garaiko hainbat euskaldun bezala alfabetatu gabe zegoen. 1936ko altxamendua gertatu zenean, Donostiatik alde egin behar izan zuen familiak, oso nabarmena baitzen GBBko kide izatera heldu zen aitaren militantzia jeltzalea. Ama ere Gipuzkoako Emakumeen buru izan zen. Batetik bestera ibili ostean, Azkainen egonkortu ziren, eta hantxe eman zituzten hainbat urte.

Donostiara itzultzerakoan, Maria Dolores Agirre idazle eta irakasle errezildarrak ematen zituen eskolen berri izan zuen, eta harengana jotzea erabaki zuen, euskara landu nahirik. Batasunaren ondoren ere batasunaren aurreko euskarari eutsi zion Maritxu Urretak oso gogoan zituen Agirrerekin ikasitakoak. Marrazkigintzarako zaletasuna, berriz, 'Txiki' Zabalorekin landua zuen gerra aurretik, eta ilustratzaile gisa azaltzen da aurrenekoz liburu batean. Bere bi ilustrazio agertzen dira hain zuzen 1942 urtean Madrilgo Espasa-Calpe argitaletxeak kaleratu zuen 'Euskaleriaren Yakintza' Resurreccion Maria de Azkueren liburuan.

Mendian lotu zuen José Luis Muñoyerro (1925-2015) kazetari eta idazle bizkaitarrarekiko eta haren familiarekiko adiskidetasun estua, eta haren lan bat izan zen, 1960an, euskaratu zuen aurreneko liburua. Maritxu Urreta, hain zuzen, mendizale trebea zen, eskatzaile eta eskiatzailea, urtean 100 gailur egitera iristen zen horietakoa, Donostiako Club Vasco de Camping elkartearen sortzaileetakoa.

José Luis Muñoyerroren liburuetarako egindako ilustrazioak.
José Luis Muñoyerroren liburuetarako egindako ilustrazioak.

1960 urtean Zarauzko Itxaropena argitaletxeak Kuliska Sortan argitara emandako Muñoyerroren 'Lartaun eguzki-semea' izan zuen aurreneko itzulpen osoa. Arantzazu izenaz agertzen da Maritxu lan horretan. Handik zazpi urtera, 'En la luna también se habla vascuence' liburua argitaratu zuen Muñoyerrok, eta Maritxu Urretak eta Maria Dolores Agirrek 'Ilargian ere euskeraz' bilakatu zuten. Alde askotatik bitxia izan zen liburu hartako ilustrazioak ere egin zituen Maritxu Urretak, baita Muñoyerroren beste liburu batzuetarako ere.

Lan handitan ez zen gehiago murgildu, baina ez zion utzi itzultzeari. 1976 urtean, bere kabuz, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko aldizkariko editorialak euskaratzen hasi zen eta, hutsik egin gabe, zintzo-zintzo, bere beste zaletasun handietako batekin zerikusi zuzena zuen lanari eutsi zion bi hamarkadaz. Azkeneko itzulpen luze eta lantsua EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak eskainitako omenaldiaren harira egin zuen, 80 urte beteta zituela.

1997an, aurreko urtean beste zortzi lagunekin egin bezala, ohorezko bazkide izendatu zituen Elkarteak Jose Basterretxea 'Oskillaso', Jean Haritschelhar, Jose Antonio Retolaza, Juan San Martin, Luis Villasante, Piarres Xarriton, Augustin Zubikarai eta Maritxu Urreta. Izendapenarekin batera, omendutako itzultzaileen lanak bilduko zituen bigarren liburu bat argitaratzeko konpromisoa hartu zuen elkarteak, eta handik urtebetera, 1998an, ikusi zuen argia Itzulpen Antologia II liburuak. Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zen, omenalduak bertan zirela.

Libururako propio ekarri zuen ingelesetik euskarara Maritxuk Alice Duer Miller (1874-1942) idazle estatubatuarraren poema luze bat: 'The White Cliffs', berak 'Itsas-malda zuriak' bilakatu zuena.

2005ean, Bidegileak bildumako ale bat eskaini zion Eusko Jaurlaritzako Kultura Saiak. Lanik zailena izan zen Maritxu Urreta Zulaika bere lanez eta bere bizitzaz hitz egin zezan konbentzitzea, ez baitzion aparteko garrantzirik ematen egindakoari. Konturatu gabe, agian, zein urriak eta lausoak diren XX. mendearen aurreneko hiru laurdenetan emakumeek euskal kulturgintzan, eta bera aitzindari izan zen beste zenbait arlotan, utzitako arrastoak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos