Urte berriarekin batera, zinea zuzeneko musikarekin Tabakaleran

'The hill' filmarekin hasiko da ziklo berria./
'The hill' filmarekin hasiko da ziklo berria.

Jatorrizko Soinu Banda programaren baitan, horrela azalduko dira filmak hilean behin, aurreneko emanaldia ostiral honetan izango delarik

Hastapenetan, zinema mutua zenean, filmetako irudiek zuzeneko musika zuten lagun. Baina film soinudunek ere izan dezakete zuzeneko musikaren laguntza, eta horixe egingo dute Donostiako Tabakaleran J.B.A. (Jatorrizko soinu banda) izeneko programaren bitartez. Ekimenaren xedea da, hain zuzen, «filmak zuzeneko musikarekin proiektatzearen tradizioari gaur egungo bandek nola heltzen dioten esploratzea».

Ziklo berri honi hasiera emanteko bi saio izango dira urtarrilean. Datorren ostiralean, urtarrilak 4, 19:00etan, zine aretoan Sidney Lumeten 'The Hill' (Erresuma Batua, 1965) emango da, eta Elle Belgak joko du pelikula horretarako sortutako soinu banda. Datorren asteartean, urtarrilak 8, saioa Kutxa Kultur Kluba aretoan egingo da, 20:00etatik aurrera. Mursegok joko du Virginia García del Pinoren 'Respirar, correr, mirar' filma proiektatzen den bitartean. Aurreneko emanaldirako sarrera behar da (7 euro); bigarrenean, berriz, sarrera doakoa da, plazak bete arte. Urteko lehen hiruhilekoko hurrengo saioak otsailaren 9an eta martxoaren 8an izango dira.

Ekimena, aurretik egin diren antzeko saioetan gertatu den bezala, elkarlanean abiarazi dute Tabakalerako unibertsoa osatzen duten hainbat eragilek. 2DEO, Tabakalerako euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategiak proiektuari egiten dion ekarpena da ikus-entzunezko formatu berriak esploratzeko interesa eta 3.0. bideoklipari eskainitako arreta. Bigarren bazkidea eta ohiko kolaboratzailea, Kutxa Kultur da. Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia da beste bidaideetako bat.

Temas

Euskera