Urriaren 1ean itzuliko dira Bizkaira bertso lehiak
Mungian izango den kanporaketak abiatuko du lehia eta orotara hamar saio izango dira, azkena abenduaren 16ko finala
Urriaren 1ean Mungian lehiatuko den saioarekin hasiko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Azken edizioan Nerea Ibarzabalek lortutako txapela janzten saiatuko dira 43 bertsolari, aurrefasean sailkatu ziren 30, kanporaketetan batuko zaizkien beste sei eta finalaurrekoetan zain dauden beste 7. Orotara hamar saio izango dira, tartean azken finala abenduaren 16an Miribillan.
Izan ere, txapelketa orain hasiko bada ere, maiatzaren 4an hasi zen 'Udabarria bertsotan' lelopean lehiatutako aurre fasea. Lau astez bi saio egin ziren ostegunero eta 30 bertsolari hauek sailkatu ziren bigarren fasera: Aissa Intxausti, Aitor Arrutia, Ander Sarriugarte, Araitz Katarain, Arkaitz Zipitria, Asier Galarza, Beñat Bilbao, Bittor Altube, Eneko Aldana, Garazi Navarro, Garikoitz Sarriugarte, Ibai Amillategi, Igor Galarza, Iker Garitagoitia, Iker Uriarte, Inazio Vidal, Iruri Altzerreka, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jone Larrinaga, Julen Ibarguengoitia, Koldo Gezuraga, Koldo Muñiz, Lurdes Ondaro, Maite Sarasola, Mikel Goiriena, Mikel Retolaza, Peru Irastortza, Peru Vidal eta Unai Mendiburu
Orain, 2021eko txapelketatik kanporaketetarako txartela eskuratu zuten sei bertsolari batuko zaizkie: Txaber Altube, Josune Aramendi, Imanol Uria, Paule Ixiar Loizaga, Oihana Bartra eta Eneko Abasolo 'Abarkas'.
36 bertsolari hauek urriaren 1etik azaroaren 1era izango diren sei saiotan banatuko dira eta horietatik bertsoaldi bakoitzeko irabazlea eta puntuazio onena lortu duten bostak igaroko dira finalaurrekoetara: azaroaren 11n Berrizen, 18an Santurtzin eta 25ean Lemoan.
Bertan batuko zaizkie 2021eko finalistak, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Azkenik, esandako hiru saioetako garaileak eta puntuazioz lehen bostak igaroko dira abenduaren 16an Miribillan izango den finalera.
Txapelketarako saio guztietarako sarrerak jada salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean eta, oraindik baten bat geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera. Finalean, ostera, 15:00etatik aurrera egongo da zabalik txarteldegia.