Urre zaharra baino garestiagoa

Berez, zenbait orkidea espezieren 'obulutegiak' dira hazi preziatuak gordetzen dituzten zorro edo leka ilun horiek./A.A.
Berez, zenbait orkidea espezieren 'obulutegiak' dira hazi preziatuak gordetzen dituzten zorro edo leka ilun horiek. / A.A.

Horiagoa ez ordea, beltza baita merkatuetan kolore hori-gorrixka distiratsuzko metala baino prezio altuagoa duen espezia. 528 dolarretan dugu oraintxe urre kiloa. 600 dolarretan, berriz, banilla kiloa

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Izatez, Antzinako jainkoen eta Mexikoko enperadoreen edariei usain preziatua ematen zien banilla-landarea orkidea bat da. Antigoaleko landare ezin ederragoa. Hernán Cortés, Pedro de Ursua, Lope de Agirre eta besteak Amerika izenaz ezagutzen ditugun lurretara ailegatu baino askoz lehenago zerabilen Mexikoko, Guatemalako, Belizeko eta Honduraseko jendeak.

Denek zekiten banilla zer zen, baina gutxik zuten dastatzeko plazera, ohorea, poza. Goi mailako nobleziak baino beste inork ez. Izan ere, Espainiako konkistatzaileek banillaren berri ez zuten izan Moctezuma Xocoyotzin enperadore jainkotarraren aurrean izan arte.

Ikusi ikusi zuten errege paregabea edabe misteriotsua hartzen. Erritual handiz prestaturikoa. Kakaoz eta artoz egina. Txokolatea zen eta banillak ematen zion usain gozoa. Baina hara joandako Espainiako gerlariek ez zekizkiten ez izena, ez izana. Ikusten zuten gauza bakarra makila mehe beltz bat zen. Egun urre zaharra baino baliotsuagoa den makila mehe beltza.

Luxua izaten dirau. Espezia guztiek bezalaxe. Beti izan da hala. Ez ahaztu joandako garaietako esploratzaile gehienen xedea, bai Colonena, bai Marco Polorena, ahalik eta azkarren espezieen lurraldeetara iristea zela, bide laburrenetik.

Frantziako merkatariek XIX mendean aurkitu zuten lur emankor bat, non denek desiraturiko orkidea hori erraz haziko zen. Irla bat: Afrikako Madagaskar. Gaur badira beste toki batzuk ere: Papua, Ginea Berria, Uganda, Indonesia, Mozambikeren eta Madagaskarren artean diren Komoreak eta, nola ez?, Mexiko. Gaur badira bai Hawaiin bai Holandan bai Kalifornian dirutza kostatu duten negutegiak. Baina ezin konparaziotan hasi. Madagaskarrekoa eta natural-naturala da onena. Dudarik ez izan. Horrexegatik munduan hazten den %85a da hangoa. Baita garestiena ere. Zer dela eta? Gauza eder, on eta desiragarri guztiekin gertatzen den legez, hauskorra eta delikatua delako. Banillaren landareak lau urte behar ditu heltzeko. Loreak egun bakar batean irekitzen dira. Beraz, laborariek eskuz polinizatu behar dituzte. Uzta ere eskuz burutzen da.

Barietate guztietan onena, preziatuena, estimu handiena merezi/jaso duena Bourbon izenekoa da. Naturak sortzen dituen gauza delikatu, hauskor, fin, ametsezko orok daukate barruan istorio ederra. Kontu zaharrek diotenez, Louis XIV.ak apetan hartu banilla, eta Frantziaren menpeko Bourbon uhartean landatzeko agindua luzatu zuen. Alferrik, orkidea hori ernalduko zuen bakarra Mexikoko liztor jakin bat baitzen. Esklabo bati bururatu zitzaion eskuz emankor bihurtzeko ideia. Sariz, libertatea eman zioten eta Bourbon Banilla bilakatu zen Europa osoko gourmet nobleen desira. Merkatariek eskatzen zutena pagatzeko ziren prest. Orduantxe hasi zen banilla prezioaren eromena

…Gaur arte. Naturaren indarkeriak, furfuriak, badauka prezio horietan zerikusia. 2000 urtean urakan ikaragarriak jo zuen Madagaskar. Tenperaturak izugarri jaitsi ziren. Euria aritu zuen luzez. Produkzioan kalteak itzelak izan ziren. Prezioak neurririk gabe igo ziren. Eskariak behera egin zuen. Erne ziren merkatariak, eta asmatu zuten petrolioz eginiko esentzia artifiziala. Ondorioz, salneurria suntsitu zen eta laborariek zaintzeko horren zaila zen espeziarekin jarraitzeko gogoa galdu. Apurka-apurka banillaren munduko erreserbak gutxitu egin ziren. Baina (ohiko kontua dugu hori) gorantz egin zuen berriro. Batik bat Europan, Estatu Batuetan, Txinan eta Brasilen.

Banilla-lekak, lehortzen jarrita Mexikon.
Banilla-lekak, lehortzen jarrita Mexikon.

Pixkanaka-pixkanaka sendotu/sendatu zen banilla-hazkuntza. Bost urtez salerosketaren salneurriak egokiak suertatu ziren. Alta, iaz natura harrotu zen ostera. Oraingoan ez zen urakana, zikloia baizik. Enawok 38 lagun hil zituen Madagaskarren, 33.000k bizilekuz aldatu behar izan zuten eta uztaren % 30a galdu zen. Ondorioz, esportatzaileak banillaren prezioaren espekulazioari ekin zioten. Berriro ere. Bitartean, ostera, erreserbak murriztu egin ziren. Duela 12 urte 2.000 tona zeuden biltegietan. Orain ezer gutxi aurkituko duzue bertan. Esportatzaileak, pozaren pozez. Ekoizle txiki eta xumeak… betiko moduan. Financial Times egunkariak argitan jarritako zenbakiak onartzen baditugu, munduko BPG txikienetarikoa duen herrialde honetako laborariek uztaren balioaren %5 (asko jota ere, %10) baino ez dute bereganatzen.

Elikagai industriak ezin du baztertu banillaren erabilera. Coca Colak behar du. Danonek behar du. Häagen-Dazsek behar du. Nestlék behar du. Kosmetikan zein jateko eta edateko gauzetan beti gailurrean izan den Unileverrek behar du. Beraz, esportatzaileek jarritako edozein prezio ordaintzeari ez diote inoiz muzin egingo. Esentzia artifizialek ez baitute eman espero zen emaitza eta, hortaz gain, luxuzko gaietan luxuzko espeziak erabiltzea nahitaezkoa baita.

Halere, azken iragarpenen arabera, prezioak datorren urtean jaitsiko omen dira. Izugarri jaitsi ere. Zergatik? Banillaren ekoizpenak berriro egingo duelako gorantz, galdutako produkzio-mailetara bueltatuz.

Esandako guztia esan eta gero, azken oharra: bada banilla eta urrea baino garestiagoa den espezia. Delikatua. Hauskorra. Desiratua. Ezinbestekoa : safrana. 5.000 euro pagatuko behar duzu kiloko. Baina kilo hori lortu ahal izateko 250.000 lore behar dituzte ekoizleek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos