Udako lehen San Telmo Gauak 'Hello, Robot' erakusketa izango du ardatz

Erakusketako irudia/Arizmendi
Erakusketako irudia / Arizmendi

Uztailaren 13an, 20:30etik 24:00etara erakusketa, eliza eta klaustroa zabalik egongo dira, Jonathan García Lana 'Tunipanea'k musika robotiko saioa eskainiko duen bitartean

DVDonostia

Uztailaren 13an, larunbat honetan, egingo dute udako lehen San Telmo Gaua, 'Hello, Robot. Diseinua gizakiaren eta makinaren artean' erakusketa ardatz izango duena. 20:30etik 24:00etara erakusketa, eliza eta klaustroa zabalik egongo dira, Jonathan García Lana 'Tunipanea'k musika robotiko saioa eskainiko duen bitartean.

San Telmo Gau honen berezitasuna musika izango da, hain zuzen. Erakusketaren tankerako musika robotiko saioa izango da, Tunipanearen azken obraren erakustaldia. «Berariaz elizako espazio zentralerako egindako pieza da, non musika mekanismo elektromekaniko batek, automata batek, igorriko edo interpretatuko duen», antolatzaileek azaldu dutenez. «Bere lanean eraikinaren akustikarekin jokatzen du, eta publikoaren eta artelanaren arteko harreman bideak aztertzen ditu. Hala, entzumen klasikoarekin hausten du», gaineratu dute.

Musika saio hau entzuteko aukera 20:30etik 24:00etara egongo da etenik gabe. Bilbon bizi den artista honek ibilbide luzea dauka soinu artearen alorrean, eta familia guztietako musika tresna esperimentalak eraikitzen ditu.

Arte Garaikidean, Teknologikoan eta Performatiboan (UPV/EHU) masterra egindakoa, bere ikerketa independientearen helburua da eguneroko teknologiaren erabilerari beste esanahi bat bilatzea, hala adierazkortasunerako tresna gisa erabiltzeko, nola gizarte eraikuntzarako mekanismo bezala.

Bere soinu artefaktuak sortzen ditu aurkitutako objektuetan, osagai elektronikoetan eta material industrialetan oinarrituta, eta osagai emozionala gehitzen die aukera berriak sortzeko eta teknologiaren erabilera garaikidearen inguruko galderak ahalbidetzeko.

Hello, Robot erakusketa, irailaren 29ra arte ikusi daiteke. Vitra Design Museum, Mak Vienna eta Design Museum Gent-en erakusketa da. 200 objektutik gora biltzen ditu, artea eta diseinuaren alorretakoak, tartean etxerako, zaintzarako eta industriarako erabiltzen diren robotak, hala nola ordenagailu jokoak, komunikabide instalazioak, eta robotak agertzen diren liburu eta filmen adibideak. Robotikak gaur egun hartzen dituen forma anitzak erakusten ditu eta aldi berean, mahai gainean jartzen ditu robotikarekin lotuta sortzen diren kezka sozialak, politikoak eta etikoak.

Temas

Euskera