Udako denboraldia hastear da Euskal Herriko Gazte Orkestra

80 musikarik prestatuko dute EGOk udan eskainiko duen errepertoria/Lobo Altuna
80 musikarik prestatuko dute EGOk udan eskainiko duen errepertoria / Lobo Altuna

Udako denboraldiko lehen emanaldia uztailaren 19an izango da, eta 22an Donostiako Victoria Eugenia antzokian ere izango dira. Calile Saint Saënsen 'Dantza makabroa' eta P.I. Txaikovskiren 'Bosgarren sinfonia' interpretatuko dituzte

DVDonostia

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) udako denboraldia aurkeztu du asteazken honetan, hilak 10, eta Calile Saint Saënsen 'Dantza makabroa' eta P.I. Txaikovskiren 'Bosgarren sinfonia' interpretatuko dituela jakinarazi du taldeak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko, Bilboko Orkestra Sinfonikoko, Musikene ikastegiko, Mahler Chamber Orchester orkestrako eta Galiziako Orkestra Sinfonikoko zenbait irakaslek eta 80 musikarik prestatuko dute EGOk udan eskainiko duen «errepertorio sinfoniko izugarria», Eibarko hezkuntza gunean, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean. Hezkuntzarako eskaintzari dagokionez, aurtengo udakoa EGOk «inoiz izan duen musika programarik osoenetakoa» dela ziurtatu dute.

Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin da aurkezpena, Lakuan, eta Joxean Muñoz Kultura sailburuorde eta Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioko presidenteordeak goretsi egin du Kultura Sailaren eta Vital, Kutxa eta BBK fundazioen arteko elkarlana. Juan Jose Ocon EGOko zuzendariak ere parte hartu du udako denboraldiaren aurkezpenean.

Udako denboraldiko lehen emanaldia uztailaren 19an izango da, Hondarribiko Itsas Etxeko auditoriumean. Uztailaren 20an Bilboko Campos Eliseos antzokian izango da EGO, 21ean Gasteizko Principal antzokian, eta 22an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira.

Euskal Herriko Gazte Orkestraren Fundazioa duela 22 urte sortu zen, 1997an. Ordutik, musika sinfonikoko eta ganbera musikako 150 bat kontzertu eta nazioarteko sei herrialdetan zenbait emanaldi eskaini ditu, 120.000 ikus-entzule bilduz. Gainera, 1.000 gazte inguru igaro dira orkestratik.

«Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Vital, Kutxa eta BBKren fundazioen arteko elkarlana beste urrats bat da gure erkidegoko musikari gazteen kalitateko trebakuntza sustatzeko Kulturako Saila eta euskal kutxak jorratzen ari diren bidean», nabarmendu du Muñozek.

Temas

Euskera