Arriskutsuak izan daitezke ezkondu aurreko despedidak

Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da.../LOBO ALTUNA
Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da... / LOBO ALTUNA

Kepa Errastik 'Antz3rkiz' programaren baitan idatzitako 'Erlauntza' bost egunez ikusi ahal izango da Donostian, Mireia Gabilondo zuzendari dela. Agortuta daude sarrerak

FELIX IBARGUTXI

'Erlauntza' antzezlana asteazken honetan, uztailak 18, estreinatuko da Donostiako Victoria Eugeniako Sala Club delakoan, eta bost egunetan zehar, hilaren 22ra arte, sei aldiz eskainiko. Eskaintza zabala da, baina are zabalagoa izan da itxuraz ikusleen interesa, agortuta baitaude sarrerak. Malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten diren komedia mikatza da 'Erlauntza'. Protagonistak, berriz, txikitako adiskide diren sei emakume, asteburu pasa joan direnak landetxe batera, beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Han daudela, eta edanaren ondorioz, egoera bare eta atsegina izan behar lukeena gatazkatsu bihurtzen da.

Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira. Halatsu gertatzen da obra honetan

Proposamen honen jatorria dramaturgia berrien 'Antz3rkiz' programaren baitan dago. Programa honetan parte hartzen duten sortzaileek tailer dramaturgiakoetan lantzen dituzte beraien testuak eta epaimahai batek aukeratzen ditu gero testu hauetako batzuk. Sailkatutakoen saria beren testua taula gainean ikustea da.

Kepa Errasti sortzaile gipuzkoarra izan da bigarren edizioko aukeratutako bat, 'Erlauntza' - 'El enjambre' honi esker. Vaiven Producciones konpainiak hartu zuen taularatzeko ardura, eta zuzendari lana Mireia Gabilondok egin du. Bi lagunok badute lehendik ere elkarlanik: 'Ultimo tren a Treblinka' antzezlanean zuzendari eta zuzendari laguntzaile lanak egin zituzten.

Aktoreak ezagunak dira, ibilbide luzekoak: Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz. «Adin inguru honetako emakume aktore asko ditugu, bagenuen non aukeratua», adierazi dute Gabilondo eta Errastik. Antzezlan korala da, antzeko presentzia eta garrantzia daukate sei emakumeok.

Azken batean, kuadrilla da gogoetagai nagusia. «Hemen Euskal Herrian kuadrillak pisu handia dauka. Ematen du hautsezina dela», esan dute Errasti eta Gabilondok.

Ikuskizuna Victoria Eugenia Antzokia, Arriaga Antzokia eta Gasteizeko Antzoki Zaharrarekin batera ekoitzi dute. Hiru antzoki hauek konpromisoa hartzen dute Antze3rkiz programan aukeratutako lanak koproduzitzeko. Irailean gaztelaniazko bertsioa –'El enjambre'- ikusi ahalko da Donostiako Antzoki Zaharrean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos