Zubietako erraustegiari buruz, 'Katebegia' saioan

Erraustegiaren lanak, urrian./ARIZMENDI
Erraustegiaren lanak, urrian. / ARIZMENDI

Erraustegiari buruzko iritzi eta ikuspuntu ezberdinak jasoko ditu Irati Sarasuak zuzendutako saioak

Zubietan egingo duten erraustegiaren inguruko iritziak jasoko ditu Irati Sarasua kazetariak gidatutako 'Katebegia' saioak. 2019ko udazkenerako zabalik egotea espero dute Gipuzkoako agintariek, eta gaiak hautsak harrotu ditu inguruan. Astearteko saioak Bizkaiko Zabalgarbi erraustegia ere barnetik ezagutuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok erraustegi hori egitearen aldeko arrazoiak zeintzuk diren azalduko ditu, eta kalean dauden kritikak alde batera utzi ezinda, haien inguruan ere hitz egingo du.

EH Bilduk 2013an erraustegia geratu zuen. Eta erabaki horretan, besteak beste, garai hartako Ingurumen diputatua zen Iñaki Errazkinek eta GHK-ko presidente zen Ainhoa Intxaurrandietak hartu zuten parte. Eurekin orduko erabakiaz, garai hartako erraustegiaz eta egungoaz, eta euren alternatibez hitz egingo du saioak.

Osasunaren gaia izan da zalantza eta eztabaida gehien sortu dituenetako bat. Gai horri buruz duen ikuspegia azalduko du, batetik, Biodonostia ikerketa zentroko epidemeologo Juan Jose Aurrekoetxeak. Ikerketen emaitzei erreparatuta dio minbizia bezalako gaixotasunak sortzeko ebidentziarik ez dagoela edo mugatua dela ebidentzia. Oso bestelakoa den iritzi bat du baina familia mediku Ina Idarretak. Beste ikerketa batzuei buruz eginiko azterketa azalduko du saioan. Horien arabera, minbizia areagotu egiten da erraustegiaren inguruko eremuetan.

Kutsaduraren gaiari ere erreparatuko dio 'Katebegia'k, Martin Olazarrekin, bera kimikan katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta energia eta kutsadura bezalako gaiak jarri ditu mahai gainean.

Horrez gain, Europara zabalduko du begirada saioak, eta Dan Cookerekin izango da horretarako, Erresuma Batuko Viridor enpresako buruetako bat. 40 errauste fabrika dituzte, eta euren esperientzia zein izan den azalduko dio Iratiri.

Saioa amaitzeko, duela 16 urte sorturiko Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko Julen Begiristainek euren jarreraren atzean ezkutatzen diren arrazoiak zeintzuk diren azalduko ditu.

'Katebegia' saioa, Zubietako erraustegiari buruz, asteartean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos