'Zubi lana' dokumentala estreinatuko du ETB1ek

Euskal kazetaritzak azken 50 urteetan bizi izan duen bilakaera aztertuko du saioak, Rikardo Arregiren garaitik hasi eta gaur egunera arte

Astelehen honetan, ETB1ek 'Zubi lana' dokumentala eskainiko du, euskal kazetaritzak azken 50 urteetan bizi izan duen bilakaera aztertuko duen saioa, Rikardo Arregiren garaian hasi eta gaur egunera arte.

60. hamarkada bukaeran Lurra espazioari begira zegoen. Stanley Kubricen A space odyssey filma zine aretoetan zabaldu zen, Amrstrongek ilargia zapaldu zuen eta David Bowien 'Space oddity' kanta famatua kaleratu zen. Azkeneko hau, hain zuzen ere, 1969ko uztailaren 10ean, Rikardo Arregi euskal kazetari gaztea auto istripu batean hil zen egun berberean. Hauxe izango da dokumentalaren abiapuntua.

Arestik, 'Tximeleta beltzak' poema idatzi zuenetik asko aldatu da euskal kazetaritzaren mundua, eta orduko egoeratik gaur egunera arte izugarrizko bilakaera izan du: EiTB taldea, Egunkaria, Berria, tokiko telebistak, irratiak, irrati-libreak, (Zeruko) Argia, Internet, sare sozialak...

Tximeleta beltz haiek koloretsu dira gaur egun euskal kazetaritzaren munduan: esparru ugari ukitzen ditugu, eta presentzia izugarri areagotu da kazetaritzaren alor guztietan.

Euskarazko kazetaritzaren iraganaren eta orainaren arteko zubi lan hori arakatzeko, bilakaera horren lekuko izan diren kazetari eta profesionalen testigantzak jasoko ditu dokumentalak, horien artean: Martxelo Otamendi, Joxe Mari Iriondo, Luis Alberto Aranberri Amatiño, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Txaro Arteaga, Juan Kruz Lakasta, Elixabete Garmendia, Antton Olariaga, Jon Sarasua , Aingeru Epaltza, Lorea Agirre, Iñigo Astiz, Odile Kruzeta, Luzien Etxezaharreta, Xipri Arbelbide, Iban Arantzabal, Pantxika Maitia, Joxe Manuel Irigoien (Ttipi-ttapa), Ainhoa Villaverde (Hala bedi), Javier Diaz Noci, Franck Dolosor, Ane Irazabal, Mikel Aiestaran, Olatz Arrieta, Amaia Uribe, Begoña Zubieta, Itziar Mena, Gari Garaialde, Maite Goñi, Lontzo Sainz eta Patxi Baztarrika.

Rikardo Arregi euskal kazetaritzaren erreferente bilakatu da, bere izena daramaten sariei esker. Urtero Andoainen banatzen dira, eta aurten, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 30.urteurrena ospatu da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos