Zizurkil bisitatuko dute 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Gipuzkoako herri honetako biztanleen istorio bitxienak ezagutuko dituzte Zuhaitzek eta Pagadik

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Gipuzkoa aldean ibiliko dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi, Zizurkilen, hain zuzen ere.

Zuhaitzek Juanjorekin egingo du topo Herriguneko eliza parean. Bien artean, beti aldrebestuta dabilen elizako erlojua ordu onean jartzen saiatuko dira. Herrigunean oraindik, Luis ezagutuko du Zuhaitzek. Eskusoinu konpontzailea dugu Luis eta, bere tailerra ikusi ostean, elkarrekin bazkalduko dute, potajea. Ondoren Tximel ezagutuko du. Zizurkilgo mendialdean dagoen XV. mendeko Andrezketa baserrian bizi da Tximel. Bertan ukuiluko lanez arituko da Zuhaitzekin, eta urtero Zizurkilen antolatzen den 'Inutilen Afaria'ren berri emango dio. Azkenik Batiekin egingo du topo. Garai bateko Zizurkilgo enterradorea da eta hamaika kiroletan ibilitakoa; tartean halterofilia. Zuhaitzi klase partikular bat ematen saiatuko da.

Pagadik, aldiz, Joxinekin solasean hasiko du eguna. Honek herriaren historiari buruz hitz egingo dio Pagadiri. Herria bi zatitan banatua dagoela azalduko dio: Elbarrena, beheko aldea eta Herrigunea, goikoa. Zizurkilgo nondik norakoak entzunda, ondo ezagutzen duen Egarri tabernara joango da Pagadi. Bertan, Alex tabernaria topatuko du eta bien artean Pagadik bere umore ibilbidea hor hasi zuela gogoratuko dute. Ondoren, Elbarreneko kaleetan dabiliena, oso kotxe bitxi batekin egingo du topo Pagadik. Bertan Iker egongo da gidari, eta honek melokotoiak Zizurkilgo jaietan duen garrantziaz hitz egingo dio. Amaitzeko, Maurizio ezagutuko dugu. Herriko pertsona kuttuna eta jaietan erraldoi propioa duena. Jaietako kantetako bat abesten amaituko dute solasaldia.

Elkarrizketa politak eta paraje ikusgarriak ezagutuko dituzte igande honetan, 22:00etan, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera