Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldia, zuzenean

Gainera, Zarauzko pilota txapelketako finala, artzain txakurren Amaiur Saria, aizkolarien Urrezko Kopa eta Zesta Word Tour 2019ko finalaurrekoak izango dira ikusgai

Igande honetan, arraunak, pilotak, herri kirolek eta zesta-puntak osatuko dute Euskal Telebistako kirol eskaintza. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean egingo dute bat Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldiarekin, 11:30ean. Eusko Tren eta Eusko Label Ligetako estropadak izango dira ikusgai, eta Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara arituko dira esatari lanetan.

17:00etan, Zarauzko pilota txapelketako finala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Oraindik zehaztu gabe dago Rezusta-Irribarria bikotearen kontra jokatuko duen bikote finalista. Partida nagusiaren aurretik, gainera, Victor-Imaz eta P. Etxeberria-Ladis Galarza bikoteek jokatuko dute atarikoa, eta jardunaldiko hirugarren norgehiagokan, Arretxe II-Larunbe eta Mendizabal III-Erostarbe arituko dira nor baino nor gehiago. Xabier Euzkitzek eta Joxan Tolosak egingo dute emanaldiaren kontakizuna.

Horrez gain, artzain txakurren Amaiur Saria izango da ikusgai 15:00etan ETB1en eta eitb.eus-en, eta, ondoren, Donostian aizkolariek jokatutako Urrezko Kopa eskainiko dute, 16:00etan.

Amaitzeko, ETB4k eta eitb.eus-ek bezperan Hondarribian jokatutako Zesta Word Tour 2019 txapelketako finalaurrekoak eskainiko dituzte. Hasteko, Egiguren-Lopez eta Erik-Ekhi bikoteak izango dira aurrez aurre, eta, ondoren, Goikoetxea-Aldazabal eta Olha-Etcheto bikoteen arteko partida izango da ikusgai.