Zaratamo eta bere inguruetako herrien bitxikeriak kontatuko dituzte

Zaratamoko biztanleen istoriorik bitxienak ezagutuko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

Igande honetako 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan Bilbo Handia osatzen duten herrietako batean egongo dira Zuhaitz eta Pagadi, Zaratamon. Pagadik Ainara ezagutuz hasiko du eguna. Sorgin izatetik zertxobait baduela dio Ainarak. Erratza balitz bezala baliatzen du bere motorra. Abiadurari lotutako kontuak kontatzeaz gain, Zaratamo eta bere inguruetako herrien bitxikeria andana kontatuko dizkio. Braulioren eskutik, berriz, behien elikaduran uste dena baino filosofia gehiago dagoela ikasiko du Pagadik. Sarri joaten da Braulio Mercabilbao gunera botatzear dauden fruta eta barazkiak hartzera. Elikagai horiek hartuta elikatzen ditu bere behiak.

Arkotxa aldera ere gerturatuko da Pagadi, Zaratamoko langile auzora. Bertan ezagutuko du Unai, Arkotxako Jesukristoren pasio bizidunean urte askotan parte hartu duen auzotarra. Pagadiri Arkotxako pasioaren gorabehera guztiak erakusteaz gain, jokatu dituen aktore paper batzuk ere erakutsiko dizkio. Moiordin auzoan, aldiz, Josu ezagutuko du Pagadik. Josuk txalapartaz asko daki, instrumentua jotzeaz gain, ikerketa ugari egin baititu. Hainbestekoa da txalapartak izan ditzakeen erabilera, musikoterapia ere zer den erakutsiko baitio Josuk Pagadiri.

Zuhaitzek, bere partetik, Iñaki ezagutuaz hasiko du eguna, makina bat ohitura bitxi gordetzen dituen zaratamoztarra. Iñakik ez du solidorik gosaltzen, bere esanetan, aldez aurretik ezinbestekoa baita lan pixka bat egitea. Horretaz gain, Iñakik nahiago ditu goizeko lehen orduan kafe bat hartu eta txokor txiki bat erre, bikotekidearekin sexu pixka bat izan baino. Anton ere ezagutuko du Zuhaitzek, ur asko edateagatik ferritina arazoak izaten bukatu duen herritarra. Ardoa ezin edatearen mina duen arren, Antonek hutsune hori betetzen du ogitartekoa jan eta freskagarriak edanda. Beñaten eskutik, ekinoterapia zer den ezagutuko du Zuhaitzek. Ekinoterapiaren bidez, askotariko arazoak dituzten pertsonak lagundu daitezke zaldiak erabilita. Beñaten Itzal zaldiarekin batera, terapia lasaigarri bat jasoko du Zuhaitzek. Azkenik eta bukatzeko, Marilen ezagutuko du Zuhaitzek. Marilen kafeminez bizi da. Izugarri maite du kafea, eta gai da egunero hamar edo hamazazpi kafe edan eta lo primeran egiteko.

'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan izango da ikusgai 22:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera