Yoseba Peña idazlea, 'Arte[faktua] saioan

Idazlearen gonbidatua Anttoni Eizagirre Garoa irakurle-klubeko kidea izango da

36ko gerra hasi aurreko garaitik 80ko hamarkadara arteko Zarautzen kokatu du Yoseba Peña idazleak Hariak (Susa), bere bigarren eleberria. Sodupeko idazlea da 'Arte[faktua]'ko aste honetako gonbidatu nagusia. Zarautzen bizi denez, bertan elkartu dira berarekin liburuaz hitz egiteko. Eleberriko protagonistak Irene, Xexili eta Olatz dira, familia bereko baina belaunaldi ezberdineko hiru emakume kementsu.

Yoseba Peña informatikan doktorea, antropologoa eta filosofoa da. Hamabost urte eman ditu Austriako, Ingalaterrako eta Euskal Herriko unibertsitateetan zientzialari gisa. Azken urteetan, bigarren hezkuntzako irakasle lanetan dabil. Lehen nobela (Hodeien Adorea-Susa) 2012an plazaratu ondoren, haur eta gazte literaturako hainbat liburu plazaratu ditu. 2016an, Beste hitzak/Other words egitasmoari esker, Irlandan hiru hilabeteko sorkuntza-egonaldia egin zuen.

Anttoni Eizagirre Garoa irakurle-klubeko kidea da Peñaren gonbidatua. Yoseba dokumentazio lanetan ibili zenean, Anttonirekin txango batzuk egin zituen haren jaiotetxera, eta haren amaren eta aitona-amonen baserrietara. Irakurle amorratua da, oso ondo ezagutzen du euskal literatura, eta irizpide fina dauka liburuak aztertzean.

Irakurlearen atalean, Ibon Fernandezek James Rhodes haur eta gazte garaian sexu abusuak jasan zituen musikariaren Instrumental (Blackie Books) liburuaren berri emango du. Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute Xabier Etxeberria, Mariasun Landa eta Juan Martin Elexpuru idazleek.

Mikel Pagadi aktore, umorista eta telebistako aurkezlea da aste honetako Apalategia ataleko protagonista. Booktubearen tartean, Gasteizko Armentia ikastolako Aintzane Belokik Jose Mari Iturralderen Lehen amodioa Suedian (Ibaizabal) liburuaren gomendioa egingo du.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' larunbat honetan izango da ikusgai 15:00etatik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.