Xabier Gantzarain azkoitiarra protagonista, 'Arte[faktua]'n

Amaitu gabe dagoen Dinamon egin zen Xabier Gantzarainekin elkarrizketa./
Amaitu gabe dagoen Dinamon egin zen Xabier Gantzarainekin elkarrizketa.

Saioak, gainera, Txaro Arrazola, EHUko irakasle eta artista gasteiztarra, elkarrizketatuko du bere liburu maiteenak ezagutzeko

Xabier Gantzarain idazlea izango da aste honetako 'Arte[faktua]' saioko gonbidatu nagusia. Tene Mujika bekari esker plazaratu du euskal arte garaikidearen historia hurbilaz diharduen 'Zuloa' izeneko liburua. Horretarako 23 artelan aukeratu eta ikertu ditu eta, horien eta Euskal Herriko beste hainbat gertakariren artean dagoen lotura azaltzen du liburuan, bere bizipen pertsonalak tartekatuz. Aukeratu dituen artelanak euskal artista garaikideenak dira gehienak eta guztien argazkiak erdiko orrietan daude.

Xabier Gantzarain azkoitiarra da, Arte Ederretan lizentziaduna eta Lubaki Banda literatura taldeko kide izana da. Poesia eta biografia lanak plazaratzeaz gain, arte kritikari lanetan ere ibili da, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n, eta komunikabide askotako kolaboratzaile ere izan da. Egun, Azpeitiko Dinamo proiektu kulturaleko arduraduna da.

Xabi Borda poeta gonbidatuko du Gantzarainek larunbateko saiora, oraindik bukatzear dagoen Azpeitiko Dinamoa eraikinera. Telekomunikazioan graduatua, 2004an argitaratu zuen bere lehenengo poema liburua, eta egun Uztarria aldizkarian kolaboratzen du.

Irakurlearen tartean, Felipe Murillo azpeitiarrak 'Kapital publikoa' Jose Luis Otamendiren liburuaren aipamen berezia egingo du. Halaber, Amaia Hennebutte, Juanra Makuso eta Maite Darceles idazleek gustukoen dituzten liburuez eta egileez mintzatuko dira.

Txaro Arrazolak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta artista gasteiztarrak, bere etxeko apalategian dituen liburu maiteenen berri emango du.

Aste honetako nobedadeen artean, hiru aipamen: Nagore Irazustabarrenaren 'Historia ala istorioa?', Karmen Gisasolak itzulitako 'Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua' eta Irati Jimenezen 'Mekanografiak'.

Ainara Mayak hartuko du Booktuberra tartearen testigua aste honetan; Hatsaren poesia liburuaren inguruan jardungo du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos