Ustelkeriak egunerokotasuna zipriztintzen duenekoa

Asel Luzarraga idazle eta itzultzailea izango du Edorta Jimenez idazleak gonbidatu

Edorta Jimenez idazleari elkarrizketa egingo diote 'Arte[faktua]' literatur saioan. Mundakan jaio eta bertan bizi da Jimenez, eta hantxe elkartu da Yolanda Mendiola aurkezlearekin, 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' izeneko bere azken eleberriaz hitz egiteko. Liburuan bada etengabe azaltzen den ideia bat: gure artean ustelkeria ez dela salbuespen bat, egunerokoa baizik. Eta ustelkeriaren kasuan sartzen dira arrantzale tostartekoen aurkako jazarraldiak, terrorismoaz akusaturikoen kontrako torturak, pisu batean ETAko militante baten heriotzarekin amaituko den ekintza, pilota-kolpe batez hildako gaztea.

Irakasle ikasketak egin zituen Edorta Jimenezek. Literatura idazketa ez ezik, itzulpena, irakasletza, kazetaritza eta telebista zein zinemarako gidoilaritza izan ditu ogibide. Oso idazle oparoa da eta ia genero guztiak landu ditu.

Jimenezek gonbidatuta Asel Luzarraga batuko da elkarrizketara saioaren akaberan. Enpresa-zientzietan diplomatua eta euskal filologian lizentziatua da Luzarraga. Punkamine punk musika taldeko abeslari eta liderra izan zen. Saiakera lan bat eta zazpi eleberri argitaratu ditu. Itzulpengintza du gaur egun ogibide.

Irakurlearen tartean Miren Rico gasteiztarrak bere gustuko liburu baten aipamena egingo digu. Galdetegia tartean, ordea, estimukoak dituzten liburu bana aipatuko digute hiru idazlek: Karlos Cid Abasolok, Katixa Agirrek eta Juan Martin Elexpuruk.

Aretz Igiñiz errugbi jokalari lapurtarrak lagunduko digu aste honetako liburu apalategia osatzen. Amaitzeko, Tuterako Argia ikastolatik Marek bidalitakoa da aste honetako booktube-a. Bertan Lur Gallastegi idazlearen 'Uda bat Senegalen' eleberria gomendatuko digu.

'Arte[faktua]' larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera