Toti Martinez de Lecearen 'La herbolera', 'El Sabor del Crimen' saioan

Dani Alvarez eta Xabier Gutierrez sukaldaria erdi aroko sorginen munduan murgilduko dira Toti Martinez de Lecearen eskutik

'El Sabor del Crimen' saioaren bigarren atalean, Dani Alvarez eta Xabier Gutierrez sukaldaria Toti Martínez de Lecea eta La herbolera eleberriaren eskutik, erdi aroko sorginen munduan murgilduko dira.

Anboto mendian hasiko dute ibilbidea eta akelarreak egiten ziren haitzuloetan barneratuko dira. Alberto Santana historialariaren laguntzaz, deabrua gurtzeko egiten zituzten erritualen berri izango dute.

Halaber, Anbotoren magalean kokatuta dagoen munduko hirugarren jatetxera, Etxebarri erretegira, bisita egingo dute. Bittor Arginzoniz chefak bere sukaldaritzaren sekretuak jakitera emango ditu, eta erdi aroko errezeta bat prestatzen lagunduko die: saihetsak eztiarekin.

Ondoren, Durangoko tokirik esanguratsuenetan barrena ibiliko dira. Herri honetan inkisizio garaiko gertakizunik gordinenak izan ziren. Inguruetako ehunka lagun torturatu eta erre zituzten bizirik.

Heresien arrastoari jarraituz, Uribarriko Andra Mariaren elizan sartuko dira, Durangon. Monumentu Nazionala izendaturiko eliza honek Euskadin dagoen zurezko elizaterik handiena dauka. Bertan, Iñaki Loinaz apaizak Toti Martinez de Lecearekin garai hartan elizak izan zuen jokaera ilunaren inguruan hitz egingo du.

Eleberriaren tituluaren haritik, Clara belar-biltzailearen laguntzaz hainbat senda-belar bilduko dituzte. Berebat, Gabriel 'landareen jakintsua' ezagutuko dute. Guztiekin, osinez betetako arrautzak prestatzen eta azaleko arazoak konpontzeko hilerri-lili olioa egiten ikasiko dute.

Azkenik, Xabier Gutierrez sukaldariak La herbolera omentzeko errezeta berezia prestatuko du. Cromlech-en paisaia misteriotsua izenburupean, gutxi batzuk bakarrik ikusi eta probatu duten platera kozinatuko du. 'El Sabor del Crimen' astelehenean dago ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.