Superezkontza, Eliren eta Zuriren azken ideia, 'Go!azen'en

Denboraldiko azken atalean, udalekua amaitzear denez, azken planak egingo dituzte gazte zein helduek

Gaur gauean, 'Go!azen 5.0' telesailaren azken atala izango da ikusgai. Udalekua amaitzear dagoenez, azken planak egingo dituzte bai gazteek bai helduek.

Iritsi da azken eguna Basakabiko udalekuetara, eta, azken egunerako, «ideia super bat» okurritu zaie Eliri eta Zuriri; gurasoei ezusteko ezkontza prestatzea. Aurtengo udako ideia gehienak ez zaizkie oso ondo irten. Beraz, ikusteko dago ezkontza hau ongi antolatzeko gai izango diren eta ezkongaiek baietza emango duten.

Hasteko, apaiza beharko dute, baina Zuzenek beste ezusteko bat izango du azken atal honetan, eta baliteke bere onenean ez egotea meza emateko. Gainera, Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaile bat ere agertuko da Basakabin.

Oztopoak oztopo, ilusioz arituko dira lanean Zuri eta Eli ezkontza antolatzen.

Pozik dabilen beste bat Naia da. Alex Amsterdamera joan da, eta, uda osoan ez bezala, orain argi ditu gauzak: Julen da maite duena, eta harekin harremanetan hasi nahiko luke. Baina zer erantzungo dio Julenek?

Azkenik, Markel aberastasunez josita ikusiko dugu 'Ameriketara joan nintzen' abesten. Saldu egingo ote du San Bernardoren kodexa?

Ostiralero bezala, azken atal hau ere eitb.eus-en eta ETB1en izango da ikusgai, 21:00etan. Denboraldi osoa EiTB Nahieran atarian dago eskuragarri.

Temas

Euskera